Divina Lanberri Elizondori egindako omenaldiarekin hasi da 14. Bisiguaren Festa

 

Herriko Plazan jatetxe erraldoi bihurtu da beste behin. Parrilleroen irekiera-ekitaldiarekin abiatu da 14. Bisiguaren Festa eta, urtero legez,  jaiarekin lotura estua duen herritar bat nabarmendu du Udalak. Aurtengoan, Divina Lanberri Elizondo izan da omendua, eta bere bidez, herriko eskabetxeren figura. 

Umetan hasi zen arrantzan Lanberri, anaiari eta aitari segika, errioan. Hamabi urterekin, eskola utzi eta eskabetxerian hasi zen lanean. Garai hartan, eskabetxeria bat baino gehiago ziren Orion, lantegi oso handiak. Urte luzez aritu zen Lanberri bertan, baita arduradun postuan ere. Eskabetxerena, gainera, emakumeek egindako lana izaten zen, eta Orioko eta inguruetako langileak ez ezik, atzerritik etorritako emakume asko ere aritu ziren lantegiotan. “Gaur ez zaude bakarrik Divina. Zure omenaldiaren bidez, haiei guztiei ere aitortza egin nahi diegu”, azaldu du Anuska Esnal Orioko alkateak.

Gerora, arraindegian egin zituen bere bizitzako urte gehienak, 29 guztira. Aitak arrantzatutako arraina saltzen hasi zen; ondoren, koinatuarekin aritu zen Orion eta, azkenik, Usurbilen zabaldu zuen arraindegia. Esnalek gogoratu duenez, “Goizeko lauretan joaten zinen Paisaiara arraina erostera. Lo gutxiko ofizioak izan dituzu, gauez angula-arrantzan ibiltzea bezala. Errioari eta itsasoari lotuta, zu beti uretan, Divina”. 

“Eta arauak hautsi dituen emakumea izan zara txikitatik, bidea jarraitu beharrean, hura egitera ausartu dena. Zuk orduan jakin gabe, gaur hemen gauden emakume askoren errealitateak eraldatu ditu jarrera horrek, kemen horrek, Divina. Eta oso eskertuta gaude zure erara bizitzeko hartu zenuen erabakiagatik”, hitzekin bukatu du aitortza.

Otorduak, martxan

Omenaldiaren ondoren hasi da 14. Bisiguaren Festako lehen otordua, eta igandera bitarte, ia 900 lagun pasatuko dira Herriko Plazako jantokitik. Horrez gain, marmitako herrikoia, sagardo dastaketa eta herriko elkarte gastronomikoen arteko lehiaketa ere ez dira faltako datozen egunetan.