1908ko urriaren 21ean jaio zen Jorge Oteiza Hendaia plazako etxean. Hortaz, datorren larunbatean 115 urte beteko dira artista oriotarra jaio zela. Ospakizun eta omenaldi gisa, Egues Ibarreko erraldoien konpartsarekin aterako dira egun horretan Pello eta Nikolasa.
Hendaia plazan egin dute hitzordua, 18:00etan. Pello eta Nikolasa erraldoiek egingo diete harrera Jorge Oteizari, Pepita Uriz irakasleari eta Peio eta Irati dantzariei. Argazkia atera eta Herriko Plazara abiatuko dira, eta bertan egingo dute bigarren geldialdia, Oteizak Victor Enbili osaba pilotariari egindako harrizko bustoaren parean. Ondoren, gaiteroen musikak lagunduta, Eusko Gudari kaletik barrena joan eta Arrantzale kaletik itzuliko dira erraldoiak. Elizako zimitorioaren azpian dagoen Pietatearen egurrezko erreplikan egingo dute azken geldialdia.
Egues Ibarreko erraldoiak
Egues Ibarreko Erraldoien Konpartsa oso talde ezaguna da Nafarroan, eta handik kanpo ere emanaldi ugari egindakoa da. Hamabi bat dantzari etorriko dira Oriora. Konpartsa gaztea da, 2015ean sortu baitziren Jorge Oteiza eta Pepita Uriz erraldoiak. Hiru urte zaharragoak dira, hortaz, Pello eta Nikolasa.
Ez da kasualitatea Jorge Oteizaren erraldoia Egues Ibarrean sortzea, hango Alzuza herrian bizi izan baitzen artista oriotarra. Bertan eraiki zuten bere omenezko museoa ere. Jorge Oteiza erraldoiaren irudiak ikusgai daude lotura honetan, EITBko 3kluba programak egindako saioan.