Bagatoz Oriora!

 

Ari gara pixkanaka hurreratzen Oriora eta, bidean gatozela, jakin dugu une gogorrak pasatzen ari zaretela herrian. Bihar elkarrekin egoteko aukera izango dugu, baina, beste ezer baino lehen, animoak eta besarkada goxo bana eman nahi dizkizuegu oriotar guztioi.

Beti bezala, Errege bezperan iritsiko gara Oriora, baina urteroko dinamika eta ordutegiak aldatuko ditugu, Urkoren familia, lagun eta gertukoek egingo dioten agurra errespetatu eta babesteko. Elkar zaintzea da aurtengoan egin dezakegun oparirik ederrena.

Hauxe izango da biharko egitaraua:

  • Bizarzurik hartuko digu aurrea goizean eta kiroldegian izango da, zuen errege-gutunak jasotzen, 11:30etik 13:00etara.
  • Gu, berriz, arratsaldez iritsiko gara herrira eta zuzenean kiroldegian juntatuko gara zuekin, 19:30ean. Danbor-soinuak lagun, han goxatuko dugu Errege bezpera zuekin guztiokin batera, elkarren igurtzia bezalakorik ez dago-eta laztasunei aurre egiteko.

Muxu eta besarkada handi bana eta aurki arte!

Meltxor, Gaspar eta Baltasar