Udalaren azalpena, energia berriztagarriko sistema homologatuak instalatu dituztenentzako hobarien inguruan

 

Orioko Udalak, joan den astean kaleratu zuen oharrean, aditzera eman zuen zerga-hobariak onartu dituela familia ugarientzat eta energia berriztagarriko sistema homologatuak instalatzen dituzten herritarrentzat. Azken horri dagokionez, aurreko astean jasotako eskaerak ikusi ondoren, azalpenak eman nahi ditu Udalak.

Zerga-hobari horien helburu nagusia herritarrak animatzea da energia berriztagarriko sistemak instalatzera.

Sistema horien instalazioa da, beraz, Udalak hobarien bidez saritzen duena eta, hortaz, eskatzaile bakoitzak behin bakarrik jaso dezake hobaria, ordenantza fiskaletan zehaztuta dagoen bezala. Iaz hobaria jaso zuenak ezin izango du berriro jaso.

Bestalde, badira etxebizitza batzuk, berriak direlako edo orain dela gutxi zaharberritu direlako, legez behartuta egon direnak energia berriztagarriko sistemak ezartzera. Etxebizitza horiek ere ezin izango dute hobaririk jaso.

Iaz hobaririk eskatu ez zuten eta baldintzak betetzen dituzten herritarrek, berriz, otsailaren 29ra arte dute eskaera egiteko aukera.