Orioko Udalak 2019an onartu zuen Energia Plana, eta ordutik, energia aurrezteko neurriak hartzen ari da, energia berriztagarriak eta autokontsumoa sustatuz. Energia gehien kontsumitzen duen eraikin publikoa, zalantzarik gabe, kiroldegia da, eta horregatik, haren eraginkoratsun energetikoa hobetzeko lanak egiten jarraitzen du Udalak.
Bero-berreskuragailu bat eta eguzki-plaka termikoak instalatu zituen lehenik, eta horien bidez, gasaren kontsumoa % 30 murriztu zuen. Horrez gain, argiak LEDera aldatu zituen, eta ordutik, % 20 jaitsi da argindarraren kontsumoa.
Azken asteotan, lan hauek egiten ari da Udala:
- Igerilekua berotzeko eta klimatitzatzeko, hezetasuna kentzeko makina eta klimatizagailua jarriko ditu, eta kontrol-sistema osoa berrituko du.
- Ur beroa ekoizten laguntzeko, aerotermia-sistema bat ere instalatuko du.
- Igerilekuko teilatuan eguzki-plaka fotovoltaikoak jartzen ari da, autokontsumoa sustatzeko.
Lan horien bidez, gasaren kontsumoa % 30 murriztu nahi du, eta argindarraren kontsumoa, berriz, % 25.
Lanen kostua 550.000 eurokoa da (BEZ barne), eta Gipuzkoako Foru Aldundiak kirol-ekipamenduak berritzeko dirulaguntza-lerroaren bidez, 215.000 euro jasoko ditu Orioko Udalak. Lehen bi lanez Giroa-Veolia enpresa arduratzen ari da, eta eguzki-plakak Naturex enpresak instalatu ditu.