Urola Kostako Udal Elkarteak antolatu duen hitzaldi ibiltarien zikloaren barruan Mutiozabal ontziolaren jatorria eta historia azalduko dute igande goizean, 11:00etan hasita.
Eskualdeko itsas ondarea ezagutarazten
Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiaren historia itsasoari estu-estu lotua dago. Hori dela eta, eskualdeko udalak eta Urola Kostako Udal Elkartea hainbat proiektu lantzen ari dira itsas-ondarea berreskuratu eta ezagutzera emateko. Hor kokatzen dira azaroan Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaian egingo diren hitzaldi ibiltariak. Aurten hirugarrenez egingo dira hitzaldi ibiltariak. Lehendabiziko aldiz 2014an egin ziren eta aurreko bi urteetan arrakasta polita izan dute.
Etxeluzeren parean hasiko da hitzaldia
Orioko hitzaldi ibiltaria azaroaren 20an izango da, 11:00etan hasita. Etxeluzen hasiko da, gaur egun Gaztetxea dagoen eraikina, eta Mutiozabal ontziolaren parean amaituko da. Bidean zehar hizlariek azalpenak emango dituzte eta entzuleek galderak egin ahal izango dituzte.
Hitzaldia hiru adituk emango dute: Lourdes Odriozolak, Jesus Mari Peronak eta Beñat Ibaietak.
Lourdes Odriozola historialaria da. 2014an “Mutiozabal” izeneko liburua argitaratu zuen, Oriako ontzigileei buruz eta bereziki Mutiozabaldarren ontzigintzari buruz. Mutiozabal ontziolari buruzko azalpenak emango ditu.
Jesus Maria Perona oriotarrak, berriz, itsas bazterrean dagoen dike edo barradera lehorrari buruz hitz egingo du. XVIII. mendekoa da eta ontziei mantentze-lanak egiteko erabiltzen zen.
Beñat Ibaieta zumaiarrak, azkenik, Mutiozabal ontziolaren balioa azalduko du eta ontziola berreskuratzeko egin daitekeenaz eta izan ditzakeen erabilerez hitz egingo du.
HITZALDIA: Mutiozabal ontziolaren jatorria eta historia gaur egunera arte
HIZLARIAK: Lourdes Odriozola, Jesus Mari Peronak eta Beñat Ibaieta.
NON: Orion, Etxeluze parean hasita
NOIZ: Azaroak 20, igandea, goizeko 11:00etan
IZEN EMATEA: Orioko Turismo Bulegoa, tel. 943 835565, orioturismo@gmail.com