Orioko Nazioarteko Estropaden 19. edizioa izango da aurten. Orio Arraunketa Elkarteak antolatutako estropadak apirilaren 20an jokatuko dira, larunbatarekin, Anibarko Portu paretik hasi eta N-634 errepidearen zubiraino.
Aurtengo estropadetan zazpi arraun-elkartetako arraunlariek parte hartuko dute, neska eta mutil, 16:30ean hasita, eta zortziko lemazainduneko modalitatean lehiatuko dira (arraunketa olinpikoko modalitate erregina).
Oriokoarekin batera, Hondarribia Arraun Elkartea izango da estropadan parte hartuko duen Euskal Herriko beste arraun-taldea, gizonezkoen kategorian; gainerakoak nazioartetik etorritakoak dira:
- Emakumeetan: Clube Fluvial Portuense (Portugal), CN Sevilla (Espainia), CN Amposta (Katalunia) eta Emulation Nautique Bordeaux (Frantzia).
- Gizonetan: Sporting Club Caminhense (Portugal), CN Sevilla (Espainia) eta Emulation Nautique Bordeaux (Frantzia).
500 metro luzeko estropadak, txandaka
Estropada-eremuak bost kale izango ditu eta arraunlariek 500 metro luzeko estropadak jokatuko dituzte elkarrekin, final moduan. Estropada bakoitzean puntuak banatuko dira (5 lehenengoari, 4 bigarrenari, 3 hirugarrenari, 2 laugarrenari eta 1 bosgarrenari), eta ondoren, taldeek kaleak aldatuko dituzte.
Guztira 8 estropada jokatuko dira, zortzi minutuko txandetan:
- 16:30 1. seriea W8+ / Emakumeak
- 16:38 1. seriea M8+ / Gizonak
- 16:46 2. seriea W8+ / Emakumeak
- 16:54 2. seriea M8+ / Gizonak
- 17:02 3. seriea W8+ / Emakumeak
- 17:10 3. seriea M8+ / Gizonak
- 17:18 4. seriea W8+ / Emakumeak
- 17:26 4. seriea M8+ / Gizonak
Eguneko programa
Hau izango da eguneko programa:
- 10:00 – 14:00 Mutiozabalen ate irekiak.
- 12:00 Arkuperen erruleta eta Euskal Parrilla Herriko Plazan (arraina eta garagardoa).
- 16:30 Nazioarteko estropadan errioan.
- 18:30 – 20:30 Jainekin txaranga, herrian barrena.
- 19:30 Arraunlarien aurkezpena, sari-banaketa eta Javier Puertas eta Dionisio Redondori omenaldia.
- 19:30 Euskal Parrilla Herriko Plazan (hanburgesa eta garagardoa).
- 21:00 DJ Bon.
Ibai Ondo, itxita
Estropada garaian, arratsaldez, 15:00etatik 18:00etara, Ibai Ondo kalea trafikoari itxita egongo da. Bitarte horretan, Txanka-Hondartza errepidea erabili beharko dute ibilgailuek herritik ateratzeko.