Udalak LGTBIQ+ banderak jarriko ditu udal-eraikin guztietan, ekainaren 28ra arte

 

Orioko Hezkidetza Mahaiak egindako lanketaren barruan, Udalak erabaki du LGTBIQ+ banderak jarriko dituela ikusgai udal-eraikin guztietan, orain hasi eta ekainaren 28ra arte. Orain arte, udaletxean jartzen zuen bandera urtero, baina aurten Udalak beste pauso bat eman du eta bere jabetzapeko eraikin guztietan jarriko du: musika-eskolan, kiroldegian, Arraunetxen, kultur etxean, KTA eraikinean, ludotekan, gaztelekuanā€¦

Udalak, hartara, ikusgarritasuna eman nahi dio gaiari eta, horrekin batera, bat egin nahi du LGTBIQ+ kolektiboak bere eskubideen defentsan egiten duen lanarekin.

Aurten LGTBIQ+ jarduera-zikloa antolatu du Udalak, Saregile etxeak eta Orioko hezkuntza-eragileek osatutako Hezkidetza Mahaiak. Zikloa maiatzaren 17an hasi zen, LGTBIQ+fobiaren kontrako egunean, eta ekainaren 28an bukatuko da, harrotasunaren egunean. Ekimen horren barruan kokatzen da Udalak banderak jartzeko hartu duen erabakia ere.