Herriko saneamendu-sarea hobetzeko lanetan ari da Sasoi enpresa autopista azpiko aparkalekuan

Herriko saneamendu-sarean hainbat arazo identifikatu zituzten iaz Gipuzkoako Ur Partzuergoak eta Orioko Udalak, eta horiek konpontzeko lanak Sasoi enpresari adjudikatu zaizkio. Azken asteetan konponketak egin dira Arrantzale kalearen bukaeran eta, datozen asteetan, autopista azpiko aparkalekuan arituko dira langileak.

Muntoko pasealekua, skate-parketik Itsas Etxerainokoa, egoera txarrean dago. Azken urteetan pasealekuaren egoerak okerrera egin du: azpitik doan saneamenduko hodia okertu egin da eta, ondorioz, itsasoko ura sartzen da hainbat gunetan. Egoera aztertu eta kostuak kalkulatu ondoren, kirol-portuko aparkalekuan ponpa bat jartzeko erabakia hartu da. Horrela, hondartzako saneamendu-sarea hondartza bideko bidegorriaren azpiko sare berriarekin lotuko da eta, hartara, ibai ertzeko hodia anulatuta geldituko da.

Aparkalekuko lanak

Lanen zatirik zailena da autopisa azpiko aparkalekuari dagokiona, izan ere, 4 metro sakoneko zuloa egin behar da eta zoruaren azpiko hondarrak ezegonkortasun handia sortzen du. Hori dela eta, aparkalekuaren eremu zabal bat hartuko dute langileek, eta 30etik gora plaza erabili ezinda geratuko dira, hesituta.

Lanak aparkalekuaren edukieran eragina izango duenez, uztaileko lehen asterako bukatzen ahaleginduko dira Udala eta enpresa, hondartzako denboraldian ahalik eta eragin txikiena izateko.