‘Ketariatik mundura’ nanopastorala izango da Orion larunbatean

 

Zuberoako pastoralaren eredua, baina formatu txikian, izango da ikusgai larunbat honetan, ekainak 8, Orion. Ihitz Iriart, Maika Etxekopar eta Beñat Larrori aktoreek eta Mixel Etxekopar eta Jean Kristian Galtxetaburu musikariek eskainiko dute emanaldia, eta Juan Sebastian Elkano marinel getariarra eta lehen mundubira izango dituzte hizpide.

Etxekoparrek berak idatzitako lanean, bidaiaren argiak eta itzalak izango dituzte gogoan: abenturaren tamaina, aniztasunaren lilura, kolonizaziorako lehen urratsa… Historia-txatalak, fikzioa eta mitologiarekin nahasten dira kontakizunean. Musika, dantza, kanta eta antzerkia uztartuko dituen saioak ordu eta erdiko iraupena izango du. Emanaldia plazan izango da, arratsaldeko 19:00etan.