Orioko Udalak, AZTI ikerketa-zentroaren laguntzarekin, Oria ibaian karbono urdineko ekosistemak lehengoratzeko proiektua jarri du abian. Ekimenaren helburua da ekosistema naturala berreskuratzea eta herria klima-aldaketaren aurrean egokitzea. Lanak Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntzaren bidez finantzatuko dira.
Karbono urdineko ekosistemak itsasertzeko belardiak dira, kasu honetan, Zostera noltei izeneko landare espeziearekin sortutako belardiak. Belardi horiek funtzio garrantzitsuak dituzte: itsasertzeko biodibertsitatea handitzen dute, ura garbitzen laguntzen dute, kostaldea babesten dute eta, batez ere, karbono atmosferikoa xurgatu eta biltegiratzeko gaitasun handia dute. Horregatik dira hain baliotsuak klima-aldaketaren aurkako estrategietan.
Gainera, alturan ez dira asko hazten, eta beraz, ez dute nabigazioan kalterik edo oztoporik eragiten. Aldiz, eraginkortasunez txertatzen dira itsasertzeko dinamika naturalean.
Landaketa-prozesua
Landaketak bi modutan egingo dira: batetik, Oka ibaitik jasotako landare-txertoekin, eta, bestetik, haziak eskuz landatuta. Txertoen lehen landaketa etzi, uztailak 25, egingo da, eta uztail-abuztuetan jarraituko dute prozesuarekin; hazien landaketak, aldiz, udazkenean egingo dira.
Kokapenari dagokionez, landaketak Oria ibaiko estuarioaren barruan egingo dira, hiru gune nagusitan. Azken urteetan egindako esperientzia pilotuek erakutsi dute Zostera nolteibelardiak modu naturalean zabaldu daitezkeela, eta horrek aukera paregabea ematen du Oria ibaiaren behealdea ingurumen ikuspegitik leheneratzeko.
Prozesu osoa AZTI zentroaren zuzendaritzapean egingo da, eta eremuaren jarraipena egingo dute datozen hiletan, belardien bilakaera eta karbono-metaketa aztertzeko.
Orioko Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntza jaso du proiektua aurrera eramateko: 46.000 euro, guztira. Horren bidez, landareen bilketa, landaketa, jarraipena eta beharrezko baimenen tramitazioa egingo da.
Errespetuz jokatu
Landaketa -eremuek balio ekologiko handia dute eta, horregatik, inguru horietan arretaz ibiltzeko deia egiten die Udalak herritarrei. Lehen hiletan, beharrezkoa da landareekin errespetuz jokatzea, indarra hartu arte. Eta ondoren ere eremua babestea komeni da. Ingurune naturala eta ondare ekologikoa zaintzea guztion ardura da.
