Oporraldia aprobetxatuko du Orioko Udalak Maria Maestra haurreskolan eta Zaragueta Herri Eskolan egin behar dituen konponketa eta egokitzapenak egiteko.
Maria Maestra haurreskola
Haurreskolaren eraikina eguneratzeko eta zerbitzua hobetzeko hainbat obra egin ditu Udalak azken urteetan. Besteak beste, kanpoko jolaslekuan aterpea jarri zuen 2020an, euria egin arren haurrek aire librean ibiltzeko espazioa izateko.
Gerora, larrialdietarako eskailera berria jarri zuen Udalak eraikinaren kanpoaldean, gaur egun indarrean dagoen araudia betetzeko, eta lotarako guneak egokitu zituen 2022an.
Aurten, Eusko Jaurlaritzak emandako 234.000 euroko dirulaguntza jaso du Udalak eta, horren bidez, 3 proiekturen aurrekontua finantzatuko du, %75ean. Hauek dira hiru obrak:
- Larrialdietako eskailerak eraikinaren kanpoaldean ezartzea (2022an gauzatutako lanetako bat da).
- Lehenengo solairuan, 13 haurrentzako lekua izango duen gela berri bat sortzea. Obra horren bidez, haurreskolako plaza-kopurua handituko da.
- Eguzki-plakak ezarriko dira, energia-kontsumoa murrizteko. Orioko Udalak 2019an onartu zuen Energia Plana, eta ordutik, energia aurrezteko neurriak hartzen ari da udal-eraikinetan, energia berriztagarriak eta autokontsumoa sustatuz.
Zaragueta Herri Eskola
Zaraguetaren kasuan, Udalak 43.000 euro jaso ditu Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntza- deialdiaren bidez, frontoiko estalkia berritzeko; eta beste 35.000 euro jaso ditu Gipuzkoako Foru Aldunditik, eguzki-plakak jartzeko. Hain zuzen, Udalak 2023an egin zituen ikastetxeko frontoia eta sarbidea egokitzeko lanak; baina, eguzki-plakak aurrerago jarri beharko zirela aurreikusita, estalkia berritu gabe utzi zen orduan. Orain, jasotako laguntza baliatuko du lan horiek egiteko.
Gainera, Udalak joan zen astean aditzera eman zuenez, urrian eraitsiko da herriko frontoia, eta, beraz, Udalak aurreikusten du Ospele pilota-elkarteko kideek Zaraguetako frontoia erabiliko dutela entrenamendu eta partida batzuk egiteko. Hori dela-eta, hainbat egokitzapen egingo zaizkio Zaraguetako frontoiari.
Azkenik, udako oporraldia erabiliko da beste konponketa batzuk ere egiteko: iturria aldatuko da, tinbrea sarbide berrira lekualdatuko da, eta bizikletentzako aparkaleku gehiago jarriko dira.
Lan horien guztien kostua 185.000 euro ingurukoa izango da.
