Orioko Udalak Parrilla Festa antolatuko du urriaren 3tik 5era

Aurten ez da Bisiguaren Festa ospatu uztailean. Orioko Udalak eta Bisiguaren Festa antolatzen duten eragileek maiatzean jakinarazi zuten erabakia, elkarrekin egindako hausnarketaren ondorioz. Izan ere, festaren hiru ardatz nagusiak zalantzan zeuden: parrilleroak, generoa (bisigua) eta jatetxearen logistika-enpresa. Eta horren aurrean, festa-eredua aldatzeko eta goi-denboralditik kanpo, tokiko produktuekin eta herritarrei zuzendutako jaia antolatzeko lanketa abiatu zuten.

Prozesu horren emaitza da gaur goizean, irailak 4ean, Herriko Plazan egin den agerraldia. Sugarrak piztu dira berriro Parrilla Festa aurkezteko; txitxarroa, erreboiloa eta sardinak erre dira, sasoiko arrainak. Agerraldian hartu dute parte:

  • Orioko Udaleko Anuska Esnal alkatea; Olatz Santamaria, Iñaki Makazaga eta Lourdes Salsamendi zinegotziak; eta Adrian Garcia turismo-teknikaria.
  • Joxe Miel Zendoia (Katxina jatetxea), Luis Mari Uranga (Xixario jatetxea), Tati Guerra (Orioko Barra jatetxea) eta Rene Campillo (San Martin erretegia) parrilleroak.
  • Jon Mujika Orioko Kofradiako presidentea eta Ekaitz Apraiz Kofradia Itsas Etxeko kudeatzailea.
  • Amaia Gozategi (Boga-Boga), Antxon Mancisidor (Arkaitz), Amaia Garate eta David Sanchez (Mirotza), eta Julen Bueno (Baraka) herriko tabernetako arduradunak.
  • Olga Mujika Carmen arraindegiko arduraduna eta Divina Lanberri kontserbera.
  • Koldo Arruti eta Bixente Lasa Aldapa elkarteko kideak.
  • Eider Arruti Mutiozabal Ontziolaren arduraduna.

Anuska Esnalek berriro gogorarazi du Bisiguaren Festa bertan behera uzteko arrazoiak: “Zorionez, bisigua dastatzeko aukera dago gure herriko parrilletan, hori ez da aldatu. Baina Bisiguaren Festa ardazten zuten hiru zutabeak erortzen ari zirela ikusita, talde eragileak erabaki bat hartzeko beharra ikusi zuen, arduratik eta heldutasunetik. Oriotarrok beti egiten jakin dugun bezala, erronkaren aurrean irtenbidea bilatu dugu oraingoan ere: Parrilla Festa prestatu dugu, ondarearen transmisioa oinarri duen jai parte-hartzaile, jasangarri eta eskuragarria. Orioren neurrira egindako ospakizuna”.


Ekintza paraleloak

Jarraian, festaren nondik norakoak azaldu ditu Adrian Garciak. Izan ere, ekitaldi nagusiak urriaren 3tik 5era ospatuko badira ere, gastronomia eta arrantzaren gaineko ezagutza hedatzeko saioak egingo dituzte datozen asteetan.

Izan ere, irailean Arrantza eta Gastronomia izeneko hitzaldi-zikloa izango da: hiru saio egingo dituzte iraileko ostegunetan, hilaren 11n hasita. Lehenengoan euskal arrantzaleen jardunaren nondik norakoak azalduko dituzte; hurrengo astean, hilaren 18an, arraindegian zer eta nola erosi erakutsiko dute; eta, azkenik, arraina prestatzeko teknika berritzaileak praktikan jarriko dituzte. Saioak 18:00etan izango dira, eta irailaren 25koan parte hartzeko ezinbestekoa izango da aldez aurretik izena ematea, turismo-bulegoan.

Horrez gainera, urriaren 3an, festaren egitarauaren barruan, haurrei zuzendutako Izan arrantzale ikastaroa egingo da 17:00etan moilan, Kofradia Itsas Etxeak antolatuta. Arrantzale gisa lehen urratsak egiteko aukera paregabea izango dute gazteek. Parte hartzeko ez da aurrez izena eman behar, eta materialak ere antolakuntzak jarriko ditu.

Urriaren 4an, azkenik, ate irekiak egingo dituzte Mutiozabalen. Haurrentzako tailerrak izango dira, baina helduek ere izango dute ontziola bisitatzeko aukera, 11:00etatik aurrera.

Pintxo-potea: esperientzia gastronomikoa

Parrilla Festa urriaren 3an hasiko da; 18:00etan egingo da irekiera ofiziala: parrillak piztuko dituzte. Jarraian, pintxo-pote berezi bat izango da plazan: herriko parrilleroak arraina erretzen ariko dira, eta talde txikitan, herritarrei azaldu eta erakutsiko diete arraina nola erretzen duten.

Egunean bertan lonjatik ekarritako arrainak izango dira. Pintxo-potean parte hartzeko eta pintxoak dastatzeko ezinbestekoa izango da aldez aurretik txartela turismo-bulegoan eskuratzea, 10 euroan. Txartel bakoitzarekin arrain bi pintxo, gilda bat eta txakolina probatzeko aukera izango du pertsona bakoitzak. 100 bat lagunentzako saioa izango da, bi txandatan banatuta, eta txartelak irailaren 9tik aurrera egongo dira salgai turismo-bulegoan.

Herriko Plaza elkarte gastronomiko bihurtuko da

Urriaren 4an, larunbatean, Herriko Plaza elkarte gastronomiko erraldoi bilakatuko da, eta 200 bat lagunek izango dute otordua egiteko aukera. Bazkari berezia izango da: lehen platerak, postrea eta edaria egongo dira menuaren barruan, baina arraina erabiltzaile bakoitzak ekarri beharko du, baldintza batekin: Orioko arraindegi batean erositako arraina izan beharko du —erosketa txartela konprobatuko da—. Lehen platerak dastatu ostean, talde bakoitzeko ordezkariek eurek prestatuko dute arrain errea parrillan, herriko parrilleroen laguntzarekin.

Sarrerako errazioak herriko tabernek egingo dituzte plazan bertan, lau guztira; eta postrea eta edaria ere herriko gozotegiek eta tabernek jarriko dituzte.

Bazkarian parte hartu nahi duten herritarrek taldeetan antolatu beharko dute. Talde bakoitzeko ordezkari bat joan beharko da turismo-bulegora txartela lortzera, irailaren 16tik aurrera. Bertan zehaztu beharko du zenbat lagunek osatzen duten taldea, eta zein lagun arduratuko diren arraina prestatzeaz, parrilleroen laguntzarekin. Gainera, zenbat arrain pieza ekarriko dituzten adierazi beharko dute, eta harremanetarako telefonoa eman. Pertsona bakoitzak 20 euro ordaindu beharko ditu (arraina aparte).

Bazkaria hiru txandatan antolatuko da, eta talde bakoitzak zein txandatan bazkaldu nahi duen ere zehaztu beharko du. Aukera paregabea izango da herriko parrilleroen teknikak ezagutzeko eta haien esperientziatik ikasteko.

Eguna bukatzeko, Iratz eta Imanol Urkizuk emanaldia eskainiko dute arratsaldean plazan.

Bukatzeko, marmitakoa

Igandean, azkenik, Hegaluze Eguna ospatuko da. Ohiko marmitakoa prestatuko du Aldapa elkarteak 14:00etatik aurrera. Aurten, ordea, mahaiak jarriko dira plazan, eta Orioko taberna batzuk errazioak prestatuko dituzte; horrela, marmitakoa herriko plazan bertan jateko eta herri bazkari gisakoa egiteko aukera izango da.

Horren aurretik, dena den, herrian hain zabalduta dagoen atuna enbotatzeko ohiturari egingo zaio tartea. Divina Lanbarrik hegaluzea enbotatzen erakutsiko du zuzenean, eta gerturatzen den edonork izango du aukera ikasteko.

 

Orioko Udalak datozen asteetan emango ditu jarduera bakoitzaren inguruko azalpen gehiago. Eta informazio osagarria behar dutenek turismo-bulegora jotzeko aukera dute ordutegi honetan:

  • Asteartea: 09:30 – 13:00
  • Asteazkenetik ostiralera: 09:30 – 13:00 eta 16:00 – 19:00
  • Larunbata: 09:30 – 14:00 eta 16:00 – 19:00
  • Igandea: 10:00 – 14:00

 

Hauxe da egitaraua:

Parrilla Festa

Urriak 3, ostirala

  • 18:00 Parrillak piztu eta irekiera ekitaldia
  • 20:00 Sasoiko arrainen pintxo-potea

Urriak 4, larunbata

  • 13:30 Elkarte gastronomikoa plazan Arraina Orioko modura erreta, herriko parrilleroen laguntzarekin
  • 19:00 Iratz eta Imanol Urkizuren emanaldia

Urriak 5, igandea

  • 12:00 Hegaluzea enbotatzeko erakustaldia
  • 14:00 Aldapa elkartearen marmitakoa eta herriko tabernen errazioak

Beste ekintzak

Helduentzako ikastaroa: Arrantza eta gastronomia ikastaroa

  • Irailak 11, osteguna: Zer eta nola arrantzatzen da gure itsasoetan? Jon Mujika, Orioko Kofradiako presidentea. 18:00etan, Salatxon.
  • Irailak 18, osteguna: Nola erosi arrandegian? Olga Mujika, Carmen arraindegia. 18:00etan, Salatxon.
  • Irailak 25, osteguna: Nola prestatu arraia modu erraz batean. Ekaitz Apraiz, Itsas-Etxeako kudeatzailea. 18:00etan, Aldapa Elkartean. * Ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea, turismo-bulegoan.

 Haurrentzako ikastaroa: Izan arrantzale

  • Urriak 3, ostirala. 17:00etan moilan.

Mutiozabalen ate irekiak

  • Urriak 4, larunbata: 11:00etan Mutiozabalen.