Maputxea, guarania eta Haitiko kreolera hizkuntza gutxituen inguruko hitzaldia emango da Orion urriaren 29an

Garabide Elkarteak Aditu izeneko formakuntza-programa koordinatzen du, eta honen bidez, hizkuntza gutxituak dituzten komunitateetako 18 ordezkari etorri dira gurera, euskararen biziberritze-prozesuan metatutako ezagutzak eta esperientziak berenganatzera. Programaren baitan, hainbat bisita egiten ari dira, eta Orion hitzaldi bat eskainiko dute urriaren 29an, asteazkenarekin.

Parte-hartzaileek hilabete eta erdiko egonaldia egingo dute Euskal Herrian, eta tarte horretan aukera izango dute hizkuntza biziberritzeko praktika arrakastatsuenak bertatik bertara ezagutzeko. Esperientzia horien artean, gizarte zibiletik sortutako ekimenak eta administrazio publikoek bultzatutako politikak aztertuko dituzte.

Aditu formazioaren xede nagusia da parte-hartzaileei oinarri sendoa ematea hizkuntzen biziberritzearen arloan, eta aldi berean, euskararen esperientzia inspirazio-iturri gisa eskaintzea. Izan ere, munduan oso gutxi dira hizkuntza gutxitu baten transmisioan gainbehera eten eta berpiztea lortu duten prozesuak. Euskara da horietako bat: gizartearen konpromiso kolektiboari esker, azken 50-60 urteetan joera negatiboa irauli eta hizkuntzaren transmisioari bide berria irekitzea lortu du.

Esperientzia hori, gaur egun, erreferente eta eredu bilakatu da hizkuntza gutxituen komunitate askorentzat.

Hitzaldia

14 komunitate ezberdinetatik etorritako 18 aktibista heldu dira gurera. Gehienak Erdialdeko Amerikatik eta Hego Amerikatik datoz, nahiz eta badiren Afrikatik eta Australiatik etorritako ordezkariak ere. 

  • Bolivia: quechua eta kichwa.
  • Ekuador: kichwa.
  • Txile: mapuzuguna.
  • Argentina eta Paraguai: guarania.
  • Kolonbia: nasa yuwea.
  • Mexiko: maia hizkuntzak (yucatecoa, kaqchikela eta mixea).
  • Guatemala: kaqchikela.
  • El Salvador: nahuat pipila.
  • Ekuatore Ginea: bubia.
  • Maroko: amazigha.
  • Haiti: haitiko kreolera.
  • Australia: anindilyakwa eta Australiako aborigenen hizkuntzak.

Egonaldiaren baitan, Euskara eta munduko hizkuntza gutxituak izeneko hitzaldia emango dute Orion urriaren 29an, Salatxo aretoan. Saioa 19:00etan hasiko da, eta maputxea, guarania eta Haitiko kreolera hizkuntzen ordezkariek hartuko dute parte, haien hizkuntzek bizi duten egoera azaltzeko.