Azaroaren 29an Orioko Boxeo Gaua izango da kiroldegian

Orioko River Box&Roll boxeo-eskolak Orioko Boxeo Gaua antolatuko du azaroaren 29an, larunbatarekin, Karela kiroldegian. 30 urtetik gora igaro dira herrian azken boxeo-gaua ospatu zenetik, kasu hartan, frontoian; eta ekimen honek Orioko Udalaren babesa du. 

Euskal Herriko dozena bat klubetatik etorritako 20 borrokalarik hartuko dute parte ekimenean, eta horien artean bi oriotar eta bi aiar izango dira, River Box&Roll eskolakoak.

Ekitaldia 18:00etan hasiko da Herriko Plazan, orduan pisatuko baitituzte borrokalariak. Eta 20:00etatik aurrera, hamar borroka-saio izango dira kiroldegian: sei amateurren kategorian, hiru minutuko hiru erasorekin, eta beste lau neoprofesionalen kategorian, hiru minutuko lau erasorekin.

Horietan azkena Euskadiko Txapelketako borroka izango da, eta kategoria pisutsueneko bi borrokalari ariko dira aurrez aurre, Fermin Barrenetxea eta Aritz Rekarte. 

Sarrerak salgai

Boxeo Gaua ikustera joateko sarrerak eskuragai daude Mirotza eta Baraka tabernetan, eta Orioko kiroldegian, 20 euroan. Egunean bertan ere sarrerak erosteko aukera izango da kiroldegian, 22 euroan.