Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunean, Orioko Udalaren adierazpen instituzionala


Azaroaren 25a Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna da, eta Orioko Udalak irmoki gaitzesten ditu indarkeria matxistaren adierazpen oro. Indarkeria matxistaz ari garenean, egiturazko arazo sozial batez ari gara. Ez da emakumeen arazoa soilik, gizarte osoarena baizik. Alde horretatik, Orioko Udalak konpromisoa hartzen du indarkeria matxistak dituen adierazpen, forma eta dimentsio ororen prebentziorako, kontzientziaziorako, artatze osorako eta erreparaziorako baliabideak eta zerbitzuak garatzen jarraitzeko eta hobetzeko.

Gainera, indarkeria matxista jasaten duten emakumeen inguruan sarea eta komunitatea sortzeko deia egiteaz gain, jendarte osoaren konpromisoa beharrezkoa dela iritzi du Udalak, eta berdintasunaren alorrean eta indarkeria matxistaren aurkako jardunean urratsak ematen jarraituko du, besteak beste:

  • Indarkeria matxistari aurre egiten dioten emakumeentzako arreta hobetzeko erakunde arteko protokoloa hobetzen, indarkeriari aurre egiten dioten emakumeekin esku-hartzean  urratsak emateko.
  • Emakumeentzako aholkularitza psikologikoa eta juridikoa eskaintzen.
  • Neska gazteak ahalduntzeko eta indarkeriari gabeko bizitzak garatzeko baliabide pegagogikoak lantzen.
  • Hezkidetzan eta tratu onetan oinarritutako herri eredu bat eraikitzeko ikastetxeekin, elkarlanean, proiektuak garatzen. 
  • Indarkeriaren erreparaziorako baliabideak eskaintzen, artatze on batetik hasi eta osatze prozesu indibidual eta kolektiboa gauzatzeraino.

Berdintasunaren bidean emandako urratsen aurrean, ikusten ari gara oldarraldi orokor bat badela gizartean, eta gure herrian ere hainbat eraso jazo dira azken hiletan. Horregatik, gaurko egunean, herri-desio hauxe aldarrikatzen du Orioko Udalak: Bizitza askeak plazer. Harreman osasuntsuetan eta elkarbizitza onean oinarritutako herria nahi dugu, eta Udalak norabide horretan arraun egiteko deia egiten die herritar guztiei. 

Iluntzean, elkarretaratzea

Amaitzeko, Orioko Udalak berresten du lanean jarraituko duela indarkeria matxista mota oro desagerrarazteko borrokan, eta horretarako, sarean lan egingo duela herriko eragile eta erakundeekin, eta gainerako udalerriekin. Horrez gain, Mugimendu Feministak gaur iluntzerako deitu duen elkarretaratzean parte hartzeko dei egiten die herritar guztiei: 19:00etan Herriko Plazatik abiatuta.