Orioko Udalak gaur banatu du San Nikolas festetako eskuorria, etxez etxe

Astelehenean iragarri bezala, Orioko Udalak eta festa-batzordeak elkarlanean prestatutako sanikolasetako egitaraua gaur banatuko da etxez etxe. Aurtengo eskuorria Orioko Udalak prestatu du, San Pedro festetan egin bezala, eta jaien egitarau osoa jasotzen du, baita hainbat ohar ere.

Aurrerapen modura…

Ostiralarekin hasiko dira festak, San Nikolas bezperan, eta, txupinazoaren aurretik eta ondoren, Ondoezik elektrotxaranga ibiliko da Herriko Plazan eta inguruetan. Gauean, Laprast erromeria eta DJ Xanta ariko dira.

Larunbatean, San Nikolas egunean, urteroko ekitaldiak izango dira dira: 3×3 saskibaloi txapelketa, haur eta gaztetxoentzako tailerrak, Dantzari Suelto Txapelketa, erraldoi eta buruhandien kalejira, Danbolin Musika eta Dantza Eskolako bandaren kontzertua, eta LH6tik gorako gaztetxoentzako tortilla-patata lehiaketa, besteak beste. Iluntzean, Punttu Kakotx elektrotxarangaren txanda izango da, eta gauean, urteroko bertso-saioa eta kontzertuak egingo dira kiroldegian eta Herriko Plazan, hurrenez hurren.

San Nikolas bigarrenean, berriz, haurrentzako Gora Bihotzak ikuskizuna eta poteo-musikatua izango dira goizean. Eguerdian, herri-bazkaria egingo da kiroldegian, eta bazkariaren ostean, herriko bandak girotuko du jaia kiroldegian eta kalez kale. Azkenik, 23:00etan hasita, Zinez, Marte Lasarte, Bad Sound System, DJ Troti eta DJ La Fulana igoko dira plazako eszenatokira. 

Astelehenean, azkenik, haurrentzako Euskal Herriko jostailuen lantegi eta jokoak egingo dira goizean, eta Euskal Herriko Kantuak izenburupean, kantujira egingo da herritar talde baten ekimenez. Aarratsaldean, berriz, herri kirolak izango dira nagusi plazan, eta erraldoi eta buruhandien kalejira, talo jana eta Muxutruk erromeriaren kontzertuarekin amaitutzat emango dira festak, iluntzean. 

Festetako zapia

Festa batzordearen ekimenez, aurten San Nikolas festetako zapia prestatu du Udalak. Herri bazkarian izena eman duten herritarrek zuzenean jaso dute zapia, turismo-bulegoan. Eta gainerako herritarrentzat, salgai izango da gaurtik aurrera turismo-bulegoan.