Martxan da herriko zaborguneak egokitzeko lanen lehen fasea

Orioko Udalak herriko zaborguneen mapa eguneratu du, eta hainbat eremu egokitzeko lanak hasi ditu urtarrilean. Bi asteren ondoren, lanen egoeraren berri eman nahi die herritarrei.

  1. Palota kaleko zaborgunea (haurreskolaren parean):

Aurreko astean lurpeko zaborgunea desmuntatu dute, eta eremua ixteko lanak egin dira. Errepidea zabala denez, aireko zaborrontziak bertan kokatuko dira, etxebizitzengandik urrun, eta motoentzako aparkaleku berria zehaztu da.

Aldaketaren bidez, espaloia zabalduko da eta zaborra biltzeko bost edukiontzi izango dira (orain lau daude). Datozen asteetan espaloia bukatu eta azken txukunketak egingo dituzte.

  1. Bikamiotako zaborgunea:

Gune hau biribilgunearen mendebaldera mugitzeko asmoa bazegoen ere, eremuaren ezaugarriak eta egokitasuna aztertu ondoren, aireko edukiontzi berriak egungoen kokalekuan mantentzea erabaki da. Edukiontzi berriak errepideko kotan jarriko dira, erosoagoak izan daitezen, eta ahal den neurrian, hondartzako bidearen alboan kokatuko dira (aireko edukiontziek lurpekoek baino eremu txikiagoa hartzen dutelako).

Gune honetako egokitzapenak martxan dira uneotan, eta ondorioz, bikamiotako zaborgunea ez da erabilgarri egongo zenbait egunetan.

  1. Pelotari kalearen iparraldeko zaborgunea:

Inguruko zaborguneetatik hurbil dagoela kontuan hartuta eta jasotze-maiztasuna baxua denez, gune hau kentzeko erabakia hartu da, eta haren lekuan aparkalekua jarriko da. Datozen egunetan hasiko dituzte lanak.

  1. Bizkarreneko etxearen atzealdeko zaborgunea:

Bertako edukiontziak Kofradia Zaharra zegoen eremuko aparkalekuetara lekualdatu dira dagoeneko (50 metrora). Datozen asteetan, hainbat neurri hartuko dira edukiontziak babesteko (haizeteen ondorioz mugitu ez daitezen), eta eremuaren egokitzapena diseinatzen ari da Udala.

Bizkarreneko etxearen atzealdeko eremua, halaber, Pelotari kaleko lanak amaitu ondoren txukunduko da. Beirarentzako lurpeko edukiontzia bertan mantenduko da eta berdegune txiki bat sortuko da.

Lehen faseko lanak burutu bezain pronto, datozenak zehaztuko ditu Udalak, eta orain arte bezala, proiektuaren etengabeko lanketa eta berrikuspena egiten jarraituko du.