Abendutik martxorako zaintzaren programaren barruan, Zahartzeko manerak euskal literaturan mahai-ingurua egingo da datorren asteartean, otsailak 24, Saregilen. Arantxa Urretabizkaia, Yolanda Arrieta eta Mari Luz Esteban idazleek hartuko dute parte saioan, eta Iratxe Retolaza literatur kritikari eta ikerlariak gidatuko du solasaldia.
Euskal literaturari eta pentsamendu kritikoari lotuta, ibilbide oparoa egin duten idazleak dira Urretabizkaia, Arrieta eta Esteban, eta Orion egingo den topaketan, euskal literaturan irudikatu den zahartzaroaz eta zahartzeko moduez hitz egingo dute, Retolazak gidatuta. Adina nola kontatzen den, mendekotasuna edo autonomiaren galera, zer tokitan jartzen diren zaintza eta erantzunkidetasuna, zer irudi eta estereotipo errepikatzen diren, eta bide berriak zein narratiben bidez eraikitzen diren izango dituztete mintzagai, besteak beste.
Ikus-entzuleek, halaber, galderak eta ekarpenak egiteko aukera izango dute solasaldiaren amaieran.
Hitzordua
Saioa 18:00etan abiatuko da, Saregilen. Eta sarrera irekia izango da, leku guztiak bete arte.
Ekimena Orioko Udalak abendutik martxora antolatutako zaintzaren inguruko programaren barruan kokatzen da, eta zaintzaren ikuspegi zabala herritarrekin batera lantzea eta partekatzea ditu helburu egitarauak. Mahai-inguruak, hain zuzen, kulturatik eta literaturatik tiraka, zaintzaren gaineko begirada aberastu eta egunerokoan bizi ditugun erronkei beste prisma batetik heltzeko aukera emango du.
