Herriko merkataritza bultzatzeko NIRE-Orio plataforma jarriko da martxan

Arkupe Orioko Merkatari eta Ostalarien Elkarteak NIRE-Orio izeneko plataforma digitalaren proiektua abiatu du, tokiko merkataritza indartzeko eta merkatarien eta herritarren arteko harremana sustatzeko helburua duen ataria. Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailak finantzatutako proiektu baten baitan kokatzen da egitasmoa, eta Dendartean Gipuzkoako Merkatari Elkarteen Bilkuraren eta Orioko Udalaren laguntza du ekimenak.

Ekimen honen bidez, Oriok urrats estrategikoa egingo du hurbileko merkataritzaren digitalizazioan, tokiko establezimenduen lehiakortasuna indartuz eta herritarren eta tokiko ekonomiaren arteko lotura sendotuz.

Helburua

NIRE plataforma digitalak udalerriko ekonomia-, gizarte- eta kultura-eragile nagusiak ekosistema bakar batean integratuko ditu. Horrela, merkatariek, ostalariek, zerbitzu-enpresek zein elkarteek aukera izango dute beren presentzia digitala kudeatzeko; edukiak, promozioak eta ekitaldiak argitaratzeko; eta herritarrekin komunikazio zuzena hobetzeko.

Herriko negozio eta elkarte bakoitzak fitxa bat izango du plataforman, eta azken orduko eskaintzak eta beste hainbat informazio argitaratu ahal izango ditu bertan. Horrez gainera, merkatariei online salmenta egiteko aukera eskainiko die, eta logistikan eta ordainketa-pasabidean laguntza izango dute. Helburua da salmenta digitalerako trantsizioa erraztea, kostu gehigarririk eta konplexutasun teknikorik sortu gabe.

Formakuntza

Plataforma aurrerago aurkeztuko bada ere, prozesua orain hasiko da, tokiko merkatariei eta eragileei zuzendutako prestakuntza saioekin. Hurrengo asteetan saioak antolatuko dira parte-hartzaileek beren profilak kudeatzen, edukiak argitaratzen, eskaintzak sortzen eta tresnari ahalik eta etekinik handiena ateratzen ikas dezaten.

Hasierako fase hori funtsezkoa izango da plataformak lehen egunetik eduki eguneratuak eta parte-hartze aktiboa izan ditzan.