Orioko Hezkuntza Mahaiak eta ekimenean parte hartuko duten eragileek Sormen Bizian Lab egitasmoa aurkeztu dute gaur, martxoaren 26an, kultur etxean. Proiektuaren helburua da Orioko haur eta gazteen sormena eta literaturzaletasuna sustatzea, eta horretarako, bi sortzailek astebeteko tailerrak emango dituzte ikastetxeetan, hitza eta irudia lantzeko. Lehen edizioan LH5eko eta DBH1eko ikasleek hartuko dute parte.
Agerraldian parte hartu dute Orioko Udaleko Hezkuntza zinegotzi Ainara Munduate, Udaleko Hezkuntza eta Berdintasun teknikari Saioa Iraola, Zaragueta Herri Eskolako zuzendari Belen Aberasturi eta Orioko Herri Ikastolako LHko arduradun Maialen San Sebastian, eta aurtengo artista gonbidatuak, Nerea Loiola Pikaza idazlea eta Eneritz Ibarra Azpeitia ilustratzailea. Haiekin batera izan dira Anuska Esnal Orioko alkatea, eta Elena Errasti Danbolin Musika eta Dantza Eskolako zuzendaria eta Hezkuntza Mahaiko kidea.
Partekatutako diagnostikoa
38 urtez egin den haur eta gazteen literatur lehiaketak ekarpen handia egin du herrian haur eta gazteen euskarazko sormena sustatzen. “Motibagarri eta inspiragarri izan da urte askoan, eta euskara sustatzeko proiektu garrantzitsua izan da, ezbairik gabe. Jakin badakigu, haur eta gazteen artean euskaraz sortzeko grina pizteak bermatuko dituela etorkizuneko euskal hiztunak eta sortzaileak. Eta helburu horri jarraiki, Orion, euskaratik eta euskaraz sormena bultzatzeko apustua egiten dugu”, azaldu du Munduatek.
Azkenengo urteetan kezka iturri izan da haur eta gazteen literatur lehiaketan euskarazko lanen egokitasuna eta aberastasuna, eta sormen prozesu horietan bidelaguntza eza. “Lehiaketaren helburuak, funtzioak eta prozesuaren nolakotasuna aztertzeko eta baloratzeko prozesu bat egin dugu Hezkuntza Mahaian, eta bertan hartu da erabakia: euskaraz eta euskaratik sortzeko eta sormena piztu eta sustatzeko proposamena birdefinitzeko beharra”, gaineratu du Aberasturik.
San Sebastianek adierazi duenez, “XXI. mendean erronka sakonak ditugu aurrez aurre: euskararen arnasgune izateari utzi dio Oriok, herri euskalduna eta euskaltzalea da nagusiki, baina hizkuntzaren erabilera beherantz doa; erdarazko kultura asko kontsumitzen da; sormenari leku eta arreta gutxi eskaintzen zaio ikastetxeetan eta, baita aisialdian ere; adimen artifizialaren erabilera areagotzen ari da eta horren erabilerak sormen prozesuek sustatzen dituzten gaitasunetan eragina du”.
Iraolak azaldu duenez, testuinguru horretan sortu da Sormen Bizian Lab. “Ekimenak lehiaketaren logikatik harago joan nahi du, eta bidelagundutako sormen-prozesu bat proposatzen du, ikasgeletan garatuko dena. Helburua ez da soilik emaitza bat lortzea, baizik eta haur eta gazteak sormen-prozesu batera gerturatzea, motibatzea, pentsaraztea eta izpiritu kritikoa lantzea, euskaratik eta euskaraz”, gaineratu du.
Ekimenaren ezaugarriak
Aurtengo edizioan hitza eta irudia landuko dituzte ikasleek: LH5eko gaztetxoek idazketa-tailerrak egingo dituzte, ilustrazio batean oinarrituta. Eta DBH1eko ikasleek ilustrazioa landuko dute, testutik abiatuta. Aztergaia “balea” izango da, eta sormena ez ezik, iruditeria kolektiboa lantzeko aukera ere emango dute saioek.
Eskolak apirilaren 13tik 25era egingo dira, eta beharrezkoa izango da maila horietako ikasle guztien parte-hartzea. Prozesuaren amaieran, gainera, maiatzaren 14an, errezitaldi kolektibo bat eta sortutako lanen proiekzio edo erakusketa egingo dira Herriko Plazan, 17:00etan; ondoren, egindako lanak jasoko dituen argitalpen bat ere osatuko da, paperean eta online.
Bi artista bidelagun
Hezkuntza Mahaiaren asmoa da ekimena urtez urte errepikatzea, artistak, diziplinak eta aztergaia aldatuta. Aurten, Nerea Loiola izango da LH5eko ikasleekin arituko den idazlea, eta Eneritz Ibarra DBH1eko ikasleekin arituko den ilustratzailea.
Nerea Loiolak haur, gazte eta helduentzako eleberriak argitaratu ditu, baita komikiak ere. Bereziki ezaguna da gaztetxoen artean 2022an abiatu zuen ESKAPU bilduma dela eta. 2024an, 8 urteko semearekin batera Eskapu txiki bildumako lehen liburua kaleratu zuen, Miraren Mendekua, 8-10 urte arteko haurrentzat, eta iaz heldu zen bigarrena, Moko Koko eta sekretu sakratua. Loiolak azpimarratu duenez, “Nire saioetan idazketa landuko dugu, baina ez da ariketa itxi edo akademiko gisa planteatuko. Aitzitik, jolaserako eremu bat sortu nahi dut, esperimentatzeko, begirada eta irudimena pizteko. Saioen helburua ez da testu “txukun” bat osatzea, garrantzitsuena sormen-prozesua bera bizitzea da: ideiak nola sortzen diren ikustea, lehen intuizio horri forma ematen ikastea, hizkuntzarekin jolastea, eta bakoitzak bere ahotsa aurkitzen hastea”.
Enertiz Ibarrak, bestetik, irudien mundura egin zuen salto Garaion sorkuntza-gunean aritu ondoren. Komunikazio eta hezkuntzako euskarrietarako ilustrazioak sortu ditu, eta Geuretik Sortuak beka deialdiaren bidez, Begi hütsez ezin ikusi bere lehen komikia argitaratu du, Atharratzen egindako egonaldiaren emaitza. “Sormen Bizian Lab ekimenak bizipoza ekarriko digu ikasle, irakasle eta sortzaileoi. Gazteen begiradak elikatu egingo gaitu, eta olatu bat eragingo du herrian. Izan ere, sormenerako lehengaia gu geu gara, baina espazioa eta dedikazioa bezalako baldintzak bermatzea ezinbestekoa da. Eta astebeteko tailerra laburra izango bada ere, dastaketa bera oso aberasgarria egingo zaigu”, kontatu du Ibarrak.
Bi sortzaileek beren diziplinetatik ekarpena egingo diote proiektuari, haur eta gazteen sormenari bultzada emanez eta euskarazko sorkuntzara gerturatzeko bide berriak zabalduz. “Astebeteko tailer baten indargune handiena horixe da: denbora eskainiko diogula”, ondorioztatu dute.
Sormen Bizian Beka
Euskara Gazte literatur lehiaketak, haur eta gaztetxoenak bezalaxe, ibilbide oparoa izan du urte luzez. Duela pare bat urte, galdetegi bat bidali zitzaien lehiaketaren edizio desberdinetan parte hartu izan duten herritarrei eta, besteak beste, ondorioztatu zen ekimena eguneratzeko beharra zegoela.
Hori horrela, 2025ean lehiaketarik ez egitea erabaki zuen Udalak, geldialdia egin, hausnartu eta egitasmoa birpentsatzeko denbora hartzeko. Bitarte horretan, literatur lehiaketa eten-unean egonda, Sormen Bizian Beka aterako du aurten Udalak estreinakoz.
Izan ere, Orioko Udalak 2024ean aurkeztu zuen Orioko Kulturaren Egoeraren Plan Estrategikoa. 2024-2028 epealdirako osatu den planean zehazten denez, herritarrei sorkuntzarako baliabideak eta espazioak bermatzea da helburu estrategikoetako bat. Hori lortzeko bidean, ekintza zehatz bezala jasota dago sorkuntza sustatzeko sormen beka bat garatzea, eta Udalak orain ikusi du horretarako une egokia.
Prentsaurrekoan azaldu dutenez, Balearen Eguneko aurkezpenean aletuko dituzte Sormen Bizian Bekaren inguruko xehetasunak.
