Maiatzaren 16an ospatuko da aurten Balearen Eguna, larunbatarekin, eta herritarrak protagonista dituen herri-ikuskizuna izango da egitarauko ekimen aipagarrienetako bat. Ohi bezala, bost traineru itsasoratuko dira balearen arrantza irudikatzeko, eta horietan arraunlari gisa parte hartzeko deialdia zabaldu du Udalak.
Orotara 30 lagun beharko dira, 18 urtetik gorakoak denak. Izan ere, traineruetako tripulazio erdiak eta patroiak herriko lau eragiletako kideak izango dira, eta horiez gain, Udalak deialdia zabaldu nahi izan du, edonork parte hartzeko aukera izan dezan. Izen-ematea zabalegia bada, zozketa bidez hautatuko dira arraunlariak.
Izena eman nahi duten herritarrek galdetegi hau bete beharko dute apirilaren 22a baino lehen, bertan izen-abizenak, harremanetarako telefonoa eta emaila zehaztuz. Zozketa, beharko balitz, apirilaren 23an egingo da, eta hurrengo egunean emango zaie emaitzaren berri interesatuei.
