Orioko Udalak herri-galdeketa deituko du ekainaren 5etik 7ra, frontoi berria non kokatuko den erabakitzeko: Palotan edo Abaromendin. Galdeketa turismo-bulegoan egingo da, eta Orion erroldatutako 18 urtetik gorako herritarrek izango dute botoa emateko aukera. Prozesuaren inguruko informazioa biltzen duen eskuorria gaur, maiatzaren 22an, banatuko du etxez etxe, eta informazio zabalagoa eskuragai dago Guk Oriori atarian eta turismo-bulegoan. Horrez gain, bozketaren aurretik bilera irekia egingo du Udalak ekainaren 2an, asteartearekin, 19:00etan kultur etxean, gaiaren inguruko zalantzak argitzeko.
Prozesuaren abiapuntuan hiru elementu nagusi daude: frontoi zaharraren eremuaren azken urteetako egoera, Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren garapena eta herriko ekipamendu-beharrei erantzuteko ekintza-plana. Izan ere, frontoi zaharraren eremua ordenamenduz kanpo geratu zen 2007ko arau subsidiarioetan, eta horrek mugatu egin ditu bertan egin zitezkeen esku-hartzeak. Horregatik, Udalak ikuspegi zabalago batetik aztertu du frontoi berriaren kokalekua, herriaren egungo eta etorkizuneko beharrei erantzungo dien ekipamendua irudikatzeko.
HAPO Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren lanketari esker, aukera berri bat zabaldu da: frontoi berria Palotako eremuan kokatzea. Horren harira, Udalak bi kokalekuen aurreproiektuak landu ditu XS arkitektura bulegoarekin elkarlanean: bata Palotan, eta bestea Abaromendin. Eta proiektuak herritarrei aurkezteko, bilera irekia egin zen otsailean.
Bi proposamenak ez dira behin betiko proiektu itxiak; kokaleku bakoitzaren aukerak aztertzeko landu dira, frontoi berria eremu bakoitzean nola txertatuko litzatekeen, zer erabilera-aukera eskainiko lituzkeen eta kokalekuaren izaerarekin zer harreman izango lukeen irudikatzeko.
Landutako bi aukerek behar ezberdinei erantzuten dietenez, Udalak herritarrekin batera hartu nahi du erabakia, eta ekaineko lehen asteburuan, galdera oriotarrei luzatuko die: frontoi berria non kokatzea nahiago duzue?
Bi aukera, bi izaera
Palotako aukera herriguneari lotutako proposamena da. Eremu horretan kokatuz gero, frontoiak plaza- eta kultur-izaera izango luke, Orioko Kultur Eskaintzaren Plan Estrategikoan jasotako ondorioekin bat eginez. Pilota izango litzateke ardatza, baina espazioak erabilera zabalagoa izateko aukera ere eskainiko luke: musika, dantza, festa, bestelako kirol jarduerak… Gainera, frontoiaren jarraipen gisa, kultur areto berri bat egiteko eta Kosta Tailerraren azpiegitura eguneratzeko aukera ere landu da.
Abaromendiko aukera, berriz, kirol-azpiegitura sareari lotutako proposamena da. Herrigunetik aldenduago egongo litzateke, baina gune irisgarria eta ondo komunikatua da. Kasu horretan, frontoiaren erabilera zehatzagoa izango litzateke, pilota eta kirol-jarduera erdigunean jarrita. Proiektuak herriko kirol ekipamenduak osatzeko aukera ere emango luke, atletismoko pista txikiarekin, frontoi txikiekin eta inguruko kirol erabilerekin lotuta. Eraikin itxia aurreikusten da, eta barruan, frontoiaz gain, padeleko pista jartzeko aukera ere jaso da.
Bi aukeretan, 36 metroko frontoia egitea aurreikusten da, maila guztietako pilota partidak jokatzeko modukoa.
Proiektuak ikusgai
Herritarrek bi proposamenak sakonago ezagutzeko aukera izango dute datozen asteetan. Aurreproiektuak Guk Oriori atarian egongo dira ikusgai, eta gaurtik aurrera turismo-bulegoan ere kontsultatu ahal izango dira.
Bozketa, ekainaren 5etik 7ra
Herri-galdeketa turismo-bulegoan egingo da, hiru egunez. Ekainaren 5ean eta 6an, 09:30etik 13:30era eta 16:00etatik 19:00etara eman ahal izango da botoa. Ekainaren 7an, berriz, 09:30etik 13:30era izango da bozkatzeko aukera.
Botoa emateko, Orion erroldatuta egon beharko da 2026ko urtarrilaren 1a baino lehen, eta bozketa egunean 18 urte beteak izan. Horrez gain, herritarrek NANa edo baliozko dokumentu ofiziala aurkeztu beharko dute identifikatzeko.
Botoen zenbaketa ekainaren 7an bertan egingo da, 20:00etan, udalbatzarraren aretoan. Zenbaketa jendaurrean egingo da, idazkaria bertan dela.
Herritarren hitza errespetatzeko konpromisoa
Herri-galdeketa, legez, ez da loteslea izango. Hala ere, udal-alderdiek konpromiso politikoa hartu dute herritarren hitza errespetatzeko, parte-hartze langarik jarri gabe. Emaitza ikusita, alderdi politikoek dagokion batzordean eta udalbatzarrean bozkatuko dute frontoi berriaren behin betiko kokalekua, herritarren gehiengoaren nahia oinarri hartuta.
Udalak herritarrei dei egin die informazioa arretaz aztertzeko, bi proposamenen ezaugarriak ezagutzeko eta ekainaren 5etik 7ra egingo den herri-galdeketan parte hartzeko. Frontoi berriaren kokalekua herriaren etorkizuneko ekipamendu-sareari lotutako erabaki garrantzitsua dela nabarmendu du, eta, horregatik, oriotarren iritzia jasotzea ezinbestekoa dela.
