Jon Sarasuak eta Mikel Artolak ‘Hondoaz galde. Biderako sintesiak I’ liburua aurkeztuko dute asteazkenean

Jon Sarasua eta Mikel Artola Orion izango dira datorren asteazkenean, maiatzak 27, elkarrekin idatzi duten Hondoaz galde. Biderako sintesiak I liburua aurkezteko. Saio irekia izango da, 19:00etan zimitorio zaharrean. 

Elkar argitaletxeak argitaratu du liburua, Eztabaida bildumaren barruan. Galde-erantzunen bidez osatutako lana da, eta gizakiak bere buruari egiten dizkion galdera sakonak izan dituzte aztergai bi egileek: zertarako gauden hemen, errealitateak hondorik edo norabiderik baduen, espiritualitatearen eta zientziaren arteko harremanak, edo gaur egungo munduaren baldintza berriak. Egileen asmoa da gai jasoak modu hurbil eta ulergarrian lantzea, sakontasuna eta arintasuna uztartuz.

Bada, maiatzaren 27an Orion egingo duten aurkezpenean ere egileek landu duten elkarrizketa-formatua mantenduko da. Eta lanak proposatutako galderen inguruan egileekin batera hausnartzeko aukera ederra izango da.