NIRE-Orio plataforma erabilgarri dago herritarrentzat

Ezkerretik eskuinera, Arkupe elkarteko Karmele Garmendia, Leire Echeverria (presidentea) eta Ainhoa Gabirondo; Anuska Esnal, Orioko alkatea; Izaskun Gomez, Eusko Jaurlaritzako Merkataritza zuzendaria; Lourdes Salsamendi, Orioko Udaleko zinegotzia; eta Xabier Aldalur, Dendartean-eko teknikaria.

NIRE-Orio plataforma digitala martxan da jada. Arkupe Orioko Merkatari eta Ostalarien Elkarteak bultzatutako egitasmoa da, Dendartean Gipuzkoako Merkatari Elkarteen Bilkuraren bidez garatutakoa, eta tokiko merkataritza indartzea, herriko establezimenduak ikusaraztea eta herritarren eta merkatarien arteko harremana sustatzea du helburu.

Proiektua Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren dirulaguntzaren bidez osatu da, eta Orioko Udalaren laguntza ere jaso du. Plataforma gaur goizean aurkeztu da Orion, eta bertan izan dira Izaskun Gomez, Eusko Jaurlaritzako Merkataritza zuzendaria; Anuska Esnal, Orioko alkatea, eta Lourdes Salsamendi Orioko Udaleko zinegotzia; Xabier Aldalur, Dendartean-eko teknikaria; eta Arkupe elkarteko Leire Echeverria presidentea, eta Karmele Garmendia eta Ainhoa Gabirondo kideak.

Herriko establezimenduen erakusleiho digitala

NIRE-Orio herriko denda, zerbitzu-enpresa eta ostalaritza-establezimenduen erakusleiho digitala izango da. Plataformaren bidez, erabiltzaileek eskura izango dute establezimenduei, produktuei, zerbitzuei, nobedadeei eta eskaintzei buruzko informazioa, modu erraz eta bateratuan. 

Tresna sakelako telefonotik erabiltzeko modukoa da, eta herriko enpresen sare sozial modukoa izan nahi du: establezimenduek beren informazioa eguneratzeko, edukiak eta promozioak argitaratzeko eta bezeroekin zuzenean harremanetan jartzeko aukera izango dute. Eta herritarrek, berriz, Orioko eskaintza ezagutzeko, produktuak edo zerbitzuak kontsultatzeko eta, kasu batzuetan, enkarguak edo erosketak egiteko aukera izango dute plataformaren bidez.

Eusko Jaurlaritzako Merkataritza zuzendari Izaskun Gomezek azaldu duenez, NIRE-Orio ez da teknologiari buruzko egitasmo hutsa: “Pertsonak ditu ardatz. Aukera bat da tokiko saltokiek, elkarteek, ekoizleek eta enpresek beren presentzia digitala modu autonomoan kudeatu ahal izateko, ikusgarritasuna handitzeko eta bezeroekin, bazkideekin eta komunitateekin harremana sendotzeko”.

Anuska Esnal Orioko alkateak, bere aldetik, merkataritza txikiak herriaren eguneroko bizitzan duen garrantzia nabarmendu du, eta ekonomia zirkularraren eta tokiko kontsumoaren aldeko hautua aldarrikatu: “Establezimendu txikiak ezinbestekoak dira herriaren ongizaterako, dendarik gabe, ez baitago herri bizirik”. Udalaren ikuspegitik, NIRE-Orio bezalako tresnek herriko merkataritza egungo kontsumo-moduetara egokitzen lagundu dezakete, gertuko harremanak eta tokiko ekonomia balioan jarriz. 

Dendartean-eko teknikari Xabier Aldalurrek, bestetik, plataformaren xehetasun teknikoak azaldu ditu, eta nabarmendu du NIRE-Orio tresna praktikoa eta erabilerraza izateko sortu dela: “Plataformak aukera emango die establezimenduei beren eskaintza modu autonomoan kudeatzeko eta bezeroekin komunikazio zuzenagoa lantzeko”.

Arkupeko ordezkari Leire Echeverriak, gainera, elkarte-sareak herriko merkataritza sustatzeko egiten duen lana nabarmendu du. Izan ere, denda txikientzat zaila da Interneten eta merkataritza-gune handien logikari aurre egitea; elkarlanak, ordea, aukera berriak zabaltzen ditu. 

NIRE-Orio, herritarren eskura

NIRE-Orio plataforma erabilgarri dago herritarrentzat, eta datozen aste eta hilabeteetan edukiz elikatzen eta zabaltzen joango da, herriko establezimenduen eta eragileen parte-hartzearen bidez. Helburua da tresna bizia izatea, eta eguneroko kontsumoari, herriko eskaintzari eta tokiko jarduerari lotutako informazioa biltzea.

Orioko Udalak, Arkupe elkartearekin eta gainerako eragileekin elkarlanean, plataforma erabiltzeko dei egiten die herritarrei, tokiko establezimenduetan kontsumituta, Orioko ekonomia indartzen eta komunitatea eraikitzen lagunduko dutelako.