San Pedro festek musikaz beteko dituzte Orioko kale eta plazak. Ekainaren 27tik 30era, askotariko gustu eta adinetako herritarrentzako proposamenak izango dira egitarauan, tartean, erromeriak, kontzertuak, DJ saioak, txaranga eta herriko musika-eragileen emanaldiak.
Ekainak 27
Lehen musika hitzordua larunbatean izango da, Arrantzale eta Txupinazo Egunean. Goizean, dantzari, kantari, musikari eta erraldoien kalejirak girotuko ditu kaleak, eta arratsaldean Bide Batez erromeriaren txanda izango da: 17:00etan Herriko Plazan, eta 20:20etik aurrera, Hendaia plazan. Tartean, 19:00etan, Burrunba elektrotxarangak hartuko du Hendaia plaza.
Gauean, txupinazoaren ondorengo lehen kontzertuak izango dira Herriko Plazan: 23:00etatik 04:00etara, Silitia taldeak, DJ Aitana Grandesek eta DJ Irune Muguruzak girotuko dute festa.
Ekainak 28
Igandean, Harrotasunaren Egunean, musikak tarte zabala izango du. 12:30ean, Kantu Salda poteo musikatuak hartuko ditu herriko kaleak, eta 18:00etan bertso-saio elektronikoa egingo da Herriko Plazan. Arratsaldean, erraldoi eta buruhandien kalejira ibiliko da kalez kale, herriko txistulariekin, eta 19:30ean herriko txarangak girotuko du Hendaia Plaza, lasterketaren aurretik.
Gauean, 23:00etatik 05:00etara, Malko taldea, Tatta, DJ Fifi ta Fefa, eta La Fulana igoko dira oholtzara.
Ekainak 29
San Pedro Egunean, ostera, herriko musika-eragileak izango dira protagonista: 12:30eko Meza Nagusian Salatxo abesbatzak kantatuko du, eta arratsaldean, 18:00etan, erraldoi eta buruhandien kalejira izango da Danbolin Musika eta Dantza Eskolako trikitilariekin. 19:00etan, halaber, Danbolin Musika eta Dantza Eskolako bandak emanaldia eskainiko du Herriko Plazan.
Gaueko azken kontzertuak Muzak taldeak eta DJ Siwanabak eskainiko dituzte, 23:00etatik 02:00etara, Herriko Plazan.
Ekainak 30
Eta festen azken egunean, San Pedro Bigarrenean, herriko txarangak lagunduko du arratsaldeko erraldoi eta buruhandien kalejira, 18:00etatik aurrera.
