Palestina Orio eta Güerera Orio elkarteen ekimenez, eta GUKAren eta Orioko Udalaren laguntzarekin, Errefuxiatuen Egunari lotutako jarduerak antolatuko dira herrian datozen egunetan. Asteazkenean Aita Mari itsasontziari buruzko dokumentala proiektatuko da 19:00etan Salatxon, eta ostegunean errefuxiatuen bizipenak herritarrekin partekatzeko mahai-ingurua egingo da, leku eta ordu berean. Larunbatean, azkenik, goiz osoko ekintzak programatu dituzte Herriko Plazan eta inguruan.
Nazio Batuen Batzar Nagusiak 2000an ezarri zuen Errefuxiatuen Eguna, gatazkengatik, jazarpenengatik eta giza eskubideen urraketengatik beren etxeetatik ihes egitera behartutako pertsonen erresilientzia eta ausardia aitortzeko. Eta aurten, hainbat jarduera antolatu dira herrian horrelako egoerak bizi izan dituzten herritarrak gogoan edukitzeko.
Hau izango da datozen egunetako egitaraua:
Ekainak 17, asteazkena
- 19:00 Aita Mari itsasontziari buruzko dokumentalaren proiekzioa, eta ondoren solasaldia, Salatxo aretoan.
Ekainak 18, osteguna
- 19:00 Errefuxiatuek beren bizipenak herritarrekin partekatzeko mahai-ingurua, Salatxo aretoan. Sahara, Palestina, Ukrainia, Nikaragua eta Euskal Herriko errefuxiatuak izango dira.
Ekainak 20, larunbata. Errefuxiatuen Eguna
- 11:00 Orioko txarangarekin kalejira.
- 11:30 GUKAk antolatuta, haurrentzako margoketa eta txapak egiteko tailerra izango da Herriko Plazan, eta hainbat eragileren mahai-informatzaileak jarriko dira bertan.
- 12:00 Manifestuaren irakurketa, Herriko Plazan.
- Jarraian, Salatxo eta Eresmin abesbatzen emanaldia herriko hainbat txokotan.
- 13:15 Bazkaria, Orioko trikitilarien taldeak girotuta.
