Arraunlarien ahotsetik eraldaketarako bidea

Orioko Udaleko eta Orio Arraunketa Elkarteko zuzendaritzako ordezkariak. ROSANA ARRUTI.

2025eko udazkenean, Orio Arraunketa Elkarteko emakume arraunlari batzuek elkartean bizitako hainbat egoerari buruzko oharra kaleratu zuten. Testigantza haiek emozio kontrajarriak sortu zituzten herrian, baina, aldi berean, aukera berri bat ireki zuten: emakume kirolarien errealitatea ezagutzeko, haren inguruan hausnartzeko eta egoera hobetzeko neurriak hartzeko aukera.

Orioko Udalak arduraz jaso zituen emakume estropalariek plazaratutako bizipenak. Kirola historikoki gizonen behar eta errealitateetara egokitutako eremua izan da, eta gaur egun ere desberdintasun ugari mantentzen dira: baliabideen banaketan, aitortza aukeretan, hedabideetan duten ikusgarritasunean eta eguneroko harremanetan. Arrauna ez da salbuespena.

Horregatik guztiagatik, emakume arraunlariek egindako salaketak ez dira gertakari isolatu gisa ulertu behar; kirolaren eta gizartearen parte diren erronka zabalagoen isla ere badira. Haien ahotsari esker, landu beharreko errealitate bat bistaratu zen, eta horrek aurrerapausoak egiteko aukera eman du.

Udalak eta Orio Arraunketa Elkarteak urte osoan zehar lanketa partekatua egin dute, kanpo-aholkularitza zerbitzu espezializatu baten laguntzarekin. Izan ere, Arraunketa Elkarteak, gaiaren garrantziaz jabetzen joan den heinean, lanerako borondatea eta konpromisoa erakutsi ditu. Helburua argia izan da: iraganari buruzko eztabaidan geratu beharrean, gertatutakoa ulertu, ikaskuntzak atera eta etorkizunerako tresnak sortzea.

Prozesu horren ondorioz, emakume eta gizon estropalarien arteko berdintasuna oinarri hartuta, hortik harago doan lan-esparru berri bat adostu da, arraunlarien ongizatea erdigunean jarriko duena. Eredu horrek bost ardatz nagusi izango ditu: emakume eta gizonen berdintasuna, indarkerien prebentzioa, osasun fisiko eta mentala, inklusioa eta kirolarien ahotsa. Ardatz horiek oinarri hartuta, 2026-2028 aldirako ekintza-plana eta jarraipen-sistema diseinatu dira.

Lanketa honek erakutsi du oraindik asko dagoela egiteko kirolaren eremuan berdintasuna eta ongizatea bermatzeko. Baina erakutsi du, era berean, elkarrizketaren, autokritikaren eta lankidetzaren bidez eraldaketarako bideak eraiki daitezkeela.

Horregatik, egindako bidea eta prozesuan parte hartu duten norbanako eta eragileen konpromisoa balioan jarri nahi ditugu. Guztion inplikazioari esker, aldarriek eraldaketa-prozesua abiarazteko oinarriak jarri dituzte. Aldarriak, behar bezala jasotzen direnean, akuilu eta hobekuntzarako tresna bihurtzen direlako.


Orio Arraunketa Elkartea eta Orioko Udala