Ekainaren 27an, larunbatarekin, egingo da San Pedro festetako Arrantzale Eguneko bazkaria, Herriko Plazan, eta bazkariko txartelak ahitu dira jada, 400 orotara.
Bazkaria 14:30ean izango da, baina izena eman duten taldeetako arduradunek (lagun bat ala bi) 10:00etan egon beharko dute plazan. Lehenik muntaketa lanak egingo dituzte (mahaiak, aulkiak, etab.), eta ondoren, ordu horretan azaltzen direnek, aukera izango dute haien taldeentzat lekua erreserbatzeko.
Programazio zabala
Aurtengo programazioan, gainera, Arrantzale Egunak bat egingo du txupinazo egunarekin, eta egun osoko egitarauan jarduera ugari nabarmenduko dira: 11:00etan hasita, dantzari, kantari, musikari eta erraldoien kalejira ibiliko da kalez kale; jarraian, sardina-jana egingo da Herriko Plazan, Oteizaren Pietatearen azpian eta Hendaia plazan; eta 13:30-14:30 artean, Arrantzale Eguneko ikuskizuna eta omenaldia egingo zaie saregileei eta arrantzaileei, Herriko Plazan. Ikuskizunean, hain zuzen, Asensio Txankak 1953an San Pedro eta arrantzale festei jarritako bertsoak kantatuko ditu Errikotxiak elkarteak.
Bazkariaren ordu berean, beteranoen ligako estropada jokatuko da errioan, eta arratsaldean, Bide Batez erromeria ariko da Herriko Plazan, 17:00etatik aurrera. 19:00etan Burrunba elektrotxarangak hartuko dio erreleboa, eta 20:00etan txupinazoa botako da plazan. Segidan, Bide Batez erromeriak festa girotzen jarraituko du, Herriko Plazan bertan.
Eguna ixteko, Silitia taldea, DJ Aitana Grandes eta DJ Irune Muguruza igoko dira eszenatokira.
