Euskalmetek alerta laranja ezarri du Euskadi osoan asteazkenera arte, tenperatura altu iraunkorrengatik. Egoeraren aurrean, arduraz jokatzeko deia egiten die Udalak herritarrei, eta Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko Zuzendaritzak emandako gomendioak errespetatzeko eskatzen die.
San Joan bezperako suak eta Harribilen Sorgin Gaua
Bero handiari eta baso-suteak izateko arriskuari lotuta, baso-masetatik hurbil dauden guneetan San Joan suak ez pizteko gomendioa helarazi die Eusko Jaurlaritzak Udalei.
Egoeraren aurrean, Harribilek urtero antolatzen duen ikuskizunari lotuta, elkartea eta Udala Sorgin Gaua ahalik eta modu seguruenean egiteko neurriak aztertzen ari dira une honetan. Bihar goizean kaleratuko da ekitaldiari buruzko oharra, xehetasun guztiekin.
Gomendio orokorrak
Eusko Jaurlaritzak gomendio orokor hauek eman ditu, beroari aurre egiteko:
- Eguerdiko eta arratsaldeko ordurik beroenetan eguzkitan ez egotea eta jarduera fisiko bizia saihestea.
- Txapela, eguzkitako betaurrekoak eta eguzki-babes egokia erabiltzea, eta arropa arina, zabala eta transpiragarria janztea.
- Ura eta likidoak maiz edatea, egarri izan arte itxaron gabe; alkohola, kafeina edo azukre asko duten edariak saihestea.
- Fruta, barazki eta entsalada gehiago jatea, eta otordu oparo, koipetsu edo astunak saihestea.
- Bero handieneko orduetan leihoak eta pertsianak itxita edukitzea, eta etxea gauez aireztatzea.
- Dutxa edo bainu freskoak hartzea, edota aurpegia eta eskuak zapi hezeekin freskatzea.
- Etxea fresko mantentzerik ez badago, egunean bizpahiru ordu klimatizatutako leku batean igarotzea.
- Arreta berezia eskaintzea haurrei, haurdun edo edoskitzaroan dauden emakumeei, adinekoei eta gaixotasunak dituzten pertsonei.
- Inoiz ez uztea pertsonarik ibilgailu itxi batean, ezta itzaletan badago ere.
- Bakarrik bizi diren edo mendekotasuna duten adinekoak gutxienez egunean behin bisitatzea edo haiekin harremanetan jartzea.
Ahulezia, nekea, zorabioak, goragalea, ikusmen lausoa edo konorte-galera bezalako sintomek ordubete baino gehiago irauten badute, osasun-langileekin harremanetan jartzea gomendatzen da. Eta larrialdi kasuetan, deitu 112 telefonora.
