XI. Jakes Landa Memoriala eta III. Edu Mugertza Memoriala jokatuko dira larunbatean errioan

Argazkia: Orio GUKA

Badok13 Orio arraun elkarteak antolatuta, XI. Jakes Landa Memoriala eta III. Edu Mugertza Memoriala jokatuko dira larunbatean, ekainaren 27an, errioan. Estropada 14:30ean hasiko da, eta San Pedro festen lehen eguneko kirol-hitzordu nagusietako bat izango da.

Beteranoen 11.1 ligako proba izango da, eta Gipuzkoa, Bizkaia, Kantabria eta Kataluniako hainbat arraun-taldek hartuko dute parte, hala nola, gonbidatu gisa ariko diren Cambrils eta Ibaialde taldeek, eta ligan ari diren Sestao, Illunbe, Iberia, Plentzia, Getxo, Mundaka, Bilbao, Pontejos, Badok13 Orio, Zumaia, Castreña, Santurtzi, Aizburua eta Fortuna klubetako ontziek. Badok13 Orioren kasuan, bi ontzik hartuko dute parte proban, Zumaiarekin eta Pontejosekin batera osatutako tripulazioetan. 

Guztira, lau txanda jokatuko dira. Lehenengoa 14:30ean hasiko da, eta gainerakoak aurrekoa amaitu eta bost minutura abiatuko dira. Ordutegiak, beraz, gutxi gorabeherakoak izango dira, estropadaren joanaren arabera. Parte-hartzaileak mailaren eta kategoriaren arabera banatuko dira txandetan, eta emakumezkoen zein gizonezkoen ontziak ariko dira.

Ibilbidea Oria ibaian prestatuko da, Orioko zubiaren eta Txanka errekaren inguruan. Estropada binakako ontzietan jokatuko da, eta ibilbideak lau luze eta hiru ziaboga izango ditu. Hala ere, antolatzaileek probaren nondik norakoak ibaiaren eta eguraldiaren baldintzetara egokituko dituzte. Proba amaitutakoan egingo da sari-banaketa: bandera uretan emango zaio talde irabazleari, eta gainerako sariak arraun-etxean banatuko dira.