Bertan behera gelditu da San Pedro festetako Kronoigoera

Aldapa elkarteak jakinarazi duenez, bertan behera gelditu da ekainaren 28an egitekoa zen Kronoigoera bizikleta-proba, boluntario faltaren eta parte-hartze eskasaren ondorioz.

Antolatzaileek azaldu dutenez, erabakia ez da erraza izan. “Ekimen honen helburua kirola sustatzea eta herrian giro polita sortzea da, eta aurreko urteetan garbi ikusi dugu. Hala ere, proba behar bezala antolatzeko ezinbestekoak diren baliabideak eta parte-hartzaileen kopurua bermatu ezin izan direnez, segurtasuna eta kalitatea lehenetsiz, ekitaldia bertan behera uztea erabaki dugu”, azaldu dute.

Aldapa elkarteak eskerrak eman dizkie interesa azaldu eta izena eman duten guztiei, baita laguntzeko prest agertu diren boluntarioei ere. Antolatzaileek adierazi dute gertatutakoaren inguruan hausnarketa egingo dutela, eta etorkizunean ekimena berriz martxan jartzeko aukera aztertuko dutela, horretarako baldintza egokiak daudenean.