Bihar aurkeztuko dute ‘Territorio Remero’ liburua Kultur Etxean

Bihar, irailak 15, asteartea, Territorio Remero liburua aurkeztuko dute Orioko Kultur Etxean, 19:00etan, Iñaki Iturain eta Ibon Gaztañazpiren artean.

Territorio Remero liburuak Orioko arraunaren historia jasotzen du, XIX. mendearen amaieratik gaur egunera arte. Orioko arrantzaleak baleak harrapatzetik Donostiako Kontxako traineru-estropadetan lehiatzera igaro ziren garaitik abiatuta, belaunaldiz belaunaldi arraunak herrian izan duen ibilbidea kontatzen du lanak. Traineru horiko patroien biografia laburrak eta argazki ugari biltzen ditu, eta Benito Lertxundiren hitzaurrea du.

Liburuak duela 25 urte euskaraz argitaratutako Orioko patroiak, herri txiki baten historia handia lana du aurrekari. Oraingo argitalpenak hura egokitu eta eguneratu du, azken 25 urteetako historia gehituta; tartean, emakumeen arraunaren ibilbidea ere bai.

Garaipenak eta ospakizunak ez ezik, lehia biziak sortutako gorabeherak eta gatazkak ere jasotzen ditu liburuak. Galdera batek gidatzen du kontakizuna: zeinek eman dio gehiago zeini, Oriok arraunari edo arraunak Oriori?