Dagoeneko hasita dago jendea materiala uzten kultur etxean, Grezian dauden errefuxiatuei laguntzeko, eta martxa onean doa bilketa.
Kultur etxeko gela bat erabili da orain arte, materiala biltzeko; baina, hemendik aurrera, kiroldegian ere utzi ahal izango da. Kiroldegiaren gestioaz arduratzen den enpresak eskaini du bere burua laguntzeko eta, hartara, herriko jendeari erraztasunak eman nahi dizkiote HotzZarautz taldekoek, kiroldegiaren ordutegia zabalagoa delako kultur etxekoa baino.
Kiroldegia zabalik dagoen edozein garaitan eraman daiteke materiala eta han bilduko dute, sailkatuta.
Honako hauek dira jasoko diren materialak: bururako bisera eta zapiak, barruko arropa berriak, galtzerdi berriak, biberoi eta txupete berriak, pardelak, konpresak, janari-latak (txerrikirik gabeak), arroza, lekaleak, pasta, haurrentzako janaria, higiene-produktuak, eguzkitako krema, zorrien kontrako txanpuak, botikako gaiak (betadine, tiritak…), haurrentzako aulkiak eta gurpildun aulkiak, kanpin-dendak eta lotarako zakuak.
Hotz Zarautz plataforma
Hotz Zarautz plataforma berri bat da, Zarautzen orain dela gutxi sortu dena. Errefuxiatuen krisiari erantzuteko sortu zen eta ehundik gora boluntario biltzen ditu. Hotz Zarautzek hainbat ekimen jarri ditu abian dagoeneko: Asteburu Solidarioa, botak biltzeko ekimena, material eta diru-bilketa…