Orioko Herri Ikastolak antolatu duen eta Orioko Udalak babesten duen bertso eskola martxan jarri berri da. Bi talde osatu dira eta eskolak ostegunetan emango dituzte.
Badira urte batzuk Ikastolak bertso eskola antolatzen duela bere ikasleentzat, eskolaz kanpoko jarduera gisa.
Iaz, lehen aldiz, herriko haur guztientzat antolatu zuen Ikastolak; baina, deialdia berandu samar egin zenez, ez zen beste ikastetxeetako inor bildu klaseetara.
Aurten, berriz, Udalaren babesarekin antolatu du bertso eskola Ikastolak, eta ahalegin berezia egin du herriko haur guztiengana iristeko.
Egindako ahaleginaren ondorioz, bi talde osatu dira. Ikasle gehienak ikastolakoak badira ere, Zaragueta eskolako batzuk ere badaude.
Klaseak ostegunetan emango dituzte ikasturte osoan: lehenbizikoa, bostetatik seietara; eta bigarrena, seietatik zazpietara.
Irakaslea Xabier Sukia oriotarra izango da.
Matrikula egin daiteke oraindik
Klaseak aste honetan bertan hasiko dira; baina, norbaitek izena eman nahi badu, oraindik badauka aukera.
Izena emateko, Ikastolako idazkaritzara jo behar da (943 83 47 04 telefonoa).