Jon Sarasuak aurkeztu eta bideratuko du.
Udaletxean izango da, udalbatzarraren aretoan, azaroaren 6an, osteguna, 19:00etan.
Mahai ingurua Garabide elkarteak antolatu du, Orioko Udalaren laguntzarekin.
Lau parte-hartzaile izango dira:
- Julio Garcia, Guatemalakoa, hizkuntza maietan hitz egiten dutenen ordezkari.
- Maria Farinango, Ekuadorkoa, kichwa hizkuntzan hitz egiten dutenen ordezkari.
- Leonel Cerruto, Boliviakoa, kechwa hizkuntzan hitz egiten dutenen ordezkari.
- Pedro Escurra, Paraguaikoa, guarani hizkuntzan hitz egiten dutenen ordezkari.
Mahai inguruan parte-hartzaile bakoitzak kontatuko du zein den bere herriko hizkuntza gutxituen egoera eta zein ahalegin egiten ari diren haiek suspertzeko.
Aurkezle eta moderatzaile Jon Sarasua aretxabaletarra arituko da. Jon Sarasua bertsolari gisa da ezaguna, batez ere, nahiz eta gaur egun utzi samartuta daukan bertsoa; unibertsitate irakasle da HUEZIn eta Garabide elkarteko kide.
Garabide
Garabide elkarteak truke programa bat dauka Hego Ameriketako hizkuntza gutxituen ordezkariekin eta, horren barruan, hainbat hegoamerikar dabiltza egun hauetan Euskal Herrian, euskara suspertzeko hemen egiten diren ahaleginen berri jasotzen. Truke programaren barruan hemengo erakunde asko bisitatu dituzte (UEMA, Berria, Topagunea, Ikastolen elkartea, AEK, HPS…) eta bertatik bertara ikusi ahal izan dute zein den hemen egiten den lana. Mahai inguruan, berriz, beretik emango dute eta aukera emango diete bertaratzen direnei haien egoeraren berri jakiteko eta han egiten dituzten hizkuntzak biziberritzeko saioak ezagutzeko.
Truke programari buruzko informazio gehiago sustatu.com-en aurki daiteke.