Antzerkia kultur etxean

Gaur, urriak 23, Oteizaren mendeurreneko egitarauaren barruan, antzerkiaren txanda izango da.

Argazkia: Karkara

Atzo Pello Zabalaren solasaldia izan genuen Kultur etxean, eta bertan jarrita zeuden 60 aulkiak bete egin ziren.

Saioa Noemi Ostolaza kultur zinegotziak aurkeztu zuen, eta aukera hori aprobetxatu zuen aurreko egunean elizara gerturatu zirenei eskerrak emateko, eta, bide batez, soinuarekin izan ziren arazoak azaltzeko. Gogorarazi zuen, elizan gaizki entzun ziren zati haiek “Fragmentos” bideotik hartuak izan zirela, eta film hori bere osotasunean ikusteko aukera izango dugula azaroaren 26an kultur etxean izango diren bi emanaldietan (15:00etan eta 19:00etan).

Jarraian, Pello Zabalari eman zion hitza.

Gandiagaren idatziak oinarri hartuz, artistaren gogoeta, eta pasadizoetan barna eraman gintuen Pellok.

Ordubeteko saioa izan zen, eta amaieran entzuleek egindako zenbait galdera ere erantzun zituen.

Ander Lipusen antzerkia

Gaur, berriz, urriak 23, Ander Lipusen antzerkiaz gozatzeko aukera izango dugu.

Lipusek Oteizaren inguruan “Hala mintzatu zen Zappatrusta” bakarlana eskainiko digu.

EGUNA: urriak 23, osteguna.

LEKUA: KULTUR ETXEAN.

ORDUA: 19:00.