Haur eta gazte etorkinek zailtasunak izaten dituzte herriko martxan integratzeko eta zailtasun horietako bat hizkuntzarena izaten da. Txiki-txikitan etorritakoek nahiko erraz egiten dute euskalduntzeko bidea; baina koxkorxeago direla iritsitakoek arazoak izaten dituzte askotan eta aparteko laguntza behar izaten dute.
Bai Zaragueta eskolan eta bai Ikastolan eginda daukate bide bat, haur etorkinen hizkuntz integrazioan; baina aurten, sortu zaizkion behar bereziak eraginda, Ikastolak proposamena egin zion Udalari udan errefortzu-eskola batzuk antolatzeko, hainbat haur eta gaztek euskara ikas dezaten uztailean eta abuztuan, hurrengo ikasturtean klaseetara errazago egokitu ahal izateko. Udalak ahalegina egin zuen AEKren bitartez antolatzeko errefortzu-eskola horiek; baina AEK-k ezin zion erantzun premia horri udako hilabeteetan. Ondorioz, beste modu batera antolatu behar izan da: Ikastola jarri zen harremanetan Orioko neska batekin, Onintza Manterolarekin, eta hura ari da eskola horiek ematen uztailaren hasieraz gero.
Guztira, 12 lagun ari dira errefortzu-eskola horiek jasotzen, hiru taldetan banatuta: horietako bost ikastolako ikasleak dira eta zazpi Zaragueta eskolakoak. 9 eta 13 urte arteko gaztetxoak dira, munduko hainbat tokitatik etorriak: Uruguai, Senegal, Pakistan, Honduras, Dominikar Errepublika, Brasil, Nikaragua? Ikastolako gela batean ematen dituzte klaseak astean hiru egunetan.
Errefortzu-eskola horien kostua Orioko Udalak ordainduko du.