Udalak lehiaketa baten bidez aukeratuko du udal kanpinerako zuzendaria udako denboraldirako. Lanposturako deialdian izena emateko epea irekita dago eta datorren asteazkenean itxiko da, otsailaren 10ean.
Udalak otsailean egingo du aukeraketa, langile berria martxoaren 1ean hasiko da-eta lanean.
Lehiaketa prozesuan merezimendu hauek baloratuko dira: lan-esperientzia, prestakuntza osagarria eta atzerriko hizkuntzen ezagupena; horretarako, eskaerarekin batera, curriculuma aurkeztu beharko da. Elkarrizketa bat egingo da, izangaiek lanpostua betetzeko duten egokitasuna neurtzeko.
DEIALDIAREN OINARRIAK
Deialdiaren oinarriak interesatuen eskura daude udal bulegoetan eta www.orio.eus web orri honetan.
Nahitaezko baldintza garrantzitsuenak hauek izango dira:
- 16 urte beteta izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko gehienezko adina ez izatea.
- Honako tituluetako bat izatea: Turismoko unibertsitateko diplomatua, turismo-enpresetako eta jardueretako teknikaria, turismo gradua edo baliokideren bat.
- EGA titulua edo baliokidea.
- First Certificate edo baliokidea.
Merezimendu hauek baloratuko dira:
- Lan-esperientzia, antzeko zereginetan, eremu publiko edo pribatuan (gehienez, 10 puntu).
- Prestakuntza osagarria (gehienez, 10 puntu)
- Atzerriko hizkuntzen ezagupena (gehienez, 10 puntu)
- Elkarrizketa (gehienez, 10 puntu)
ESKAERAK ETA CURRICULUMAK AURKEZTEKO TOKIA
Eskariak eta curriculumak udal bulegoetan aurkeztu behar dira, merezimendu guztiak behar bezala egiaztatuz. Bulego-orduak: astelehenetik ostiralera, 08:30etik 14:30era.
ESKAERAK ETA CURRICULUMAK AURKEZTEKO EPEA
Urtarrilaren 25etik otsailaren 10era, biak barne.