Urola Kostako Udal Elkarteak diru-laguntza deialdia egin du, ekintzailetasuna, enplegua, inbertsioak eta lehiakortasuna hobetzeko egitasmoak sustatzeko.
2019ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitarteko jarduerak lagunduko dira diruz; guztira, 255.000 euro emango ditu Udal Elkarteak diru-laguntzatan. Maiatzaren 9an onartu zituen Udal Elkarteko Zuzendaritza Batzordeak 2019ko deialdia eta oinarria.
Lau dirulaguntza lerro
Hona hemen deialdiaren lau dirulaguntza lerroen ezaugarriak, laburbilduta:
- Jarduera ekonomikoak sortzeko edo proiektu berriak sustatzeko diru-laguntzak (70.000,00 euro gorde dira lerro honetarako): enpresak berriak sortzeko edo lehengo enpresa batean jarduera berriak sortzeko diru-laguntzak dira. Diru-laguntzaren oinarria 1.000 eurokoa izango da. Kopuru hori handitu egingo da, sustatzailearen eta jardueraren proiektuaren ezaugarrien arabera.
- Enpleguaren sustapena (75.000,00 euro gorde dira lerro honetarako): langabeak kontratatzeko diru-laguntzak dira; hain zuzen ere, Prestakuntza Bonoa eskuratu duten langabeak kontratatzeko. Kontratuak 6 hilabetekoa izan behar du, gutxienez (lanaldi erdikoa edo lanaldi osokoa). Diru-laguntza 2.200 eta 4.700 euro artekoa izango da, kontratatzen den pertsonaren ezaugarrien arabera. Gizonezkoekin alderatuta, kontratatutakoa emakumezkoa denean, 1.000 edo 500 euroko gehigarria izango du laguntzak; beti ere, lanaldiaren arabera. Kontratua mugagabea baldin bada, kopuru horri 3.000 euro gehituko zaizkio.
- Inbertsioetarako diru-laguntzak (70.000,00 euro gorde dira lerro honetarako): itzuli beharrik gabeko diru-laguntzak emango dira enpresaren jarduerarekin zerikusia duten inbertsioetarako. Inbertsioak 2019an egina eta gutxienez 3.000 eurokoa izan behar du. Diru-laguntzaren kopurua, gehienez ere, inbertsioaren %30 izango da; betiere, gehienez, 2.000 euro.
- Lehiakortasuna hobetzeko egitasmoak garatzeko diru-laguntzak (40.000 euro gorde dira lerro honetarako): itzuli beharrik gabeko diru-laguntzak emango dira eskualdeko hezkuntza-zentroek eta enpresek lehiakortasuna hobetzeko lankidetzan garatutako proiektuetarako. Diru-laguntzaren zenbatekoa, gehienez ere, onartutako proiektuaren %40 izango da eta, gehienez ere, 3.000 eurokoa. Bazkide/partaide guztiak eskualdekoak baldin badira, diru-laguntzaren zenbatekoa, gehienez ere, onartutako proiektuaren %80 izango da eta, gehienez ere, 7.000 eurokoa.
2018ko deialdiaren datuak
2018ko diru-laguntza deialdian, guztira, 163 eskabide aurkeztu ziren eta horietatik 123k jaso zuten diru-laguntza. Guztira, 276.616,80€ eman ziren diru-laguntzatan, honela banatuta: enpresa berriak sortzeko 46 diru-laguntza eman ziren (59.160€), langabeak kontratatzeko 42 diru-laguntza (133.550,00€), inbertsioetarako 30 diru-laguntza (53.906,80€) eta lankidetza egitasmoak garatzeko 5 diru-laguntza (30.000€).
Deialdia eta oinarriak
Bete behar diren baldintzak, prozedura, eskabideak baloratzeko irizpideak eta gainerako xehetasunak oinarrietan daude zehaztuta.
Deialdia, oinarriak eta eskabidea egiteko eredua eskura daude Udal Elkartearen webgunean.
Argibideak
Urola Kostako Udal Elkartea, Enpresentzako Zerbitzuak
Tel. 943 890 808
enpresa@urolakosta.eus