Eusko Jaurlaritzak osasun-larrialdiko egoera deklaratu duela eta, neurri-sorta hau onartu du Udalak atzo hartutakoei gehitzeko:
- Haur-parkeak, igogailuak eta komun publikoak itxi egingo ditu Udalak eta, beraz, ez dira erabilgarri izango (norbaitek, ezintasunagatik edo, igogailua erabili beharra baldin badauka erremediorik gabe, deitu dezala udaltzaingora, 943 830 028 telefonora, eta han emango diete laguntza).
- Osteguneko azoka bertan behera geratuko da.
- Udal-kanpina itxi egingo da eta, ondorioz, hango Boga-Boga jatetxea ere bai.
- Arraunetxea guztiz itxita izango da eta, beraz, inongo erabiltzailek ez du sartzerik izango.
Neurri hauek guztiak gaur arratsaldean bertan hasiko dira aplikatzen eta indarrean izango dira bestelako abisurik eman arte.
Udalaren funtzionamenduari dagozkion neurriak
Udalaren funtzionamenduari dagokionez, berriz, erabaki hauek hartu ditu Udalak:
- Udalaren administrazioak lanean segituko du, baina herritarrei eskatzen zaie, ahal duten neurrian, telefonoz (943 830 346) eta posta elektronikoz (idazkaritza@orio.eus) egitea beren kontsulta eta eskaerak. Norbaitek, nahitaez, bilera presentziala behar badu Udaleko norbaitekin, aldez aurretik eskatu behar du hitzordua telefonoz deituta. Udalera etortzen direnen kontrola eramango dute bulegoan, edozein gorabehera balitz abisatu ahal izateko.
- Bertan behera geratuko dira Udalaren barruko batzorde-bilerak eta bestelakoak, udalbatzarraren osoko bilkurak barne.
Ardura eta lasaitasuna eskatzen du Udalak
Herritarrei ardura eta lasaitasuna eskatzen die Udalak, aurrekaririk gabeko egoera honi aurre egiteko. Bereziki, hau eskatzen zaie:
- Kasu egitea, uneoro, Osasun Saileko arduradunek eta Eusko Jaurlaritzak zabaltzen dituzten gomendio eta aginduei.
- Etxe aldean pasatzea ahalik eta denbora gehien eta, kalera ateratzen direnean, bakarka edo talde txikitan ibiltzea.