Datorren martxoaren 5ean, ostiralarekin, erakusketa eta bertso-saio berezia izango da Orioko Arraunetxen, 19:00etan hasita.
Emanaldirako sarrerak aldez aurretik hartu behar dira, 5 euro ordainduta. Aforo-mugak direla-eta, 70 sarrera daude saltzeko eta astelehen arratsaldetik aurrera erosi ahal izango dira kultur etxean. Pertsona bakoitzak bi sarrera erosi ditzake, gehienez.
«Orainmenean», bertsolaritzaren genealogia feminista bat
Txakur Gorriak Sormen Kolektiboak eta Lanku Kultur Zerbitzuak elkarlanean antolatu dute «Orainmenean» izeneko ikuskizuna. «Orainmenean» bertsolaritzaren genealogia feminista posible bat da, iraganaren eta orainaren arteko bidaia, historiak ezkutatu dituen emakumezko bertsolariak ezagutarazteko eta egungo emakume bertsolariei aukera emateko. «Hasieratik esan dugu hutsune baten kronika egiten ari ginela eta hutsune horiek ere nabarmentzen saiatu gara», diote Txakur Gorriakeko kideek. Ekitaldia, halaber, ilustrazioen erakusketarekin osatuko da. «Ilustrazioek giro bat edo paisaia bat sortzen lagunduko digute».
Ekitaldiak eta erakusketak bi helburu dituzte. Bata, iraganarekin lotuta dago: historikoki existitu ziren arren ahanzturak irentsi zituen emakume bertsolariak erreskatatu eta ezagutaraztea. Bestea, aldiz, orainarekin lotuta dag: garai bateko andre bertsolari horiek abiapuntutzat hartuta, gaur egungo emakume bertsolariei elkarrekin kantatzeko eta esperimentatzeko gune berriak eskaintzea. «Orainmenean» zubi moduko bat da, iragana eta oraina lotzen dituena.
Orioko saioan Uxue Alberdi, Ane Peñagarikano eta Nerea Elustondo bertsolariak arituko dira. Gai-jartzailea Amaia Agirre izango da.