Esti eta Mikel Markez abeslariek kantaldia emango dute Orion martxoaren 20an, larunbatarekin. Kantaldia 19:00etan izango da, Karela kiroldegian. Sarrerako ateak 20 minutu lehenago irekiko dira.
Kantaldirako sarrerak aldez aurretik hartu behar dira, 10 euro ordainduta. Aforo-mugak direla-eta, 220 sarrera baizik ez daude saltzeko eta astelehen arratsaldetik aurrera erosi daitezke kultur etxean. Pertsona bakoitzak bi sarrera erosi ditzake, gehienez.
Esti eta Mikel Markez
Esti eta Mikel Markez aita-alabek diskoa atera dute elkarrekin «Azal berritzen» izenekoa eta disko horren kantek osatuko dute, batez ere, kantaldia.
Esti Markezek 2015ean egin zuen lehenengo jendaurreko kantaldia, Mikel Markez aitarekin batera, Aian eskaini zuten kontzertuan. Geroztik bidea egin dute elkarrekin eta, orain, disko berria aurkezten ari dira han eta hemen.
«Azal berritzen» diskoa 10 kantek osatzen dute: erdia Esti Markezek egina eta beste erdia Mikel Markezek. Nolanahi ere, biek parte hartzen dute kantu guztietan eta, gainera, beste bi musikari hauen laguntza ere izango dute kantaldian: Arkaitz Miner eta Julen Alonso.