Zirkulazioari lotuta Udalak hartu dituen hainbat erabakiren ondorioz, nabarmen handitu da motordun ibilgailuen joan-etorria Goiko Kalean. Horrek arazo ugari sortzen ditu auzoan eta, arazo horiek konpontzeko, Hirigintza Batzordeak erabaki du berriro jartzea semaforoa Goiko Kalera sartzeko. Astelehenetik aurrera jarriko da martxan.
Herriko Plaza oinezkoentzat egokitu denetik, ibilgailuen sarrera-irteera moilatik bideratu da. Baina alturagatik zubi azpitik pasatzen ez diren ibilgailuak Goiko Kaletik barrena joaten dira maiz. Horrez gain, Herriko Plaza edozein arrazoirengatik itxita dagoen egunetan, ibilgailu askok erabiltzen du Goiko Kalea herritik ateratzeko.
Horrek arazo ugari eragiten ditu Goiko Kalean: ibilgailuen abiadura handiegia, oinezkoen eta bizilagunen segurtasuna bermatzeko zailtasunak, etengabeko zarata… Arazo horiei konponbidea emateko, semaforoa izango da astelehenetik aurrera Goiko Kaleko sarreran, Iturbide kalearen hasieran.
Semaforoaren funtzionamendurako arauak
1.- Semaforoa egunero egongo da martxan, baimenik ez duten ibilgailuak ez pasatzeko.
2.- Semaforoak ez du barrerarik izango. Hartara, larrialdietan pasatzeko aukera izango dute anbulantziek, suhiltzaileek edo estutasunean dauden herritarrek.
3.- Semaforoak matrikulak irakurriko ditu, pasatzea baimendu edo eragotzi aurretik. Alde Zaharrean erroldatutako ibilgailu guztiek izango dute baimena, baita berriki erroldatu direnek ere. Sistema automatikoki eguneratuko da.
4.- Semaforoak pasatzen utziko die baldintza hauetakoren bat betetzen dutenei:
- Oan, Urdairen, Kale Nagusian nahiz Iturbide 1 eta Antxiola 19/21 bitartean bizi direnen autoak.
- Iturbide 7 eta Iturbide 13 etxepeetako garajeen eta Goiko Kaleko haur-parkearen azpiko garajeen erabiltzaileei. Garaje-jabeek udaltzaingotik pasatu behar dute, matrikulak ondo jasota daudela ziurtatzeko. Garajea alokairuan dutenek, alokairu-kontratua aurkeztu beharko dute.
- Goiko Kalean bizi ez diren arren, pertsonen zaintzan ari direlako pasaera behar duten pertsonei. Pertsona horiek, eskaria egiteko, udaltzaingotik pasatu behar dute, beharraren eta matrikularen erregistroa egitera.
- Larrialdian, estutasunen bat duten herritarrei, Goiko Kalera lehenbailehen iritsi behar dutenean.
- Alde zaharrean bigarren etxebizitza dutenak eta Orion bizi ez direnak, betiere Aparkatzeko Udal Txartela badute.
Eskaera bereziren bat egin behar dutenek, Udaltzainetara jo beharko dute.
5.- Gainerako ibilgailu guztiei debekatu egingo zaie pasaera.
- Herritik ateratzeko, Ibai Ondo edo Txanka-Hondartza bidea erabili beharko dute guztiek.
- Goiko Kalera doazenek San Martin bidetik sartu ahal izango dute.
- Semaforoa gorrian pasatzen dutenei trafiko-ordenantza aplikatuko zaie eta 80 euroko isuna jasoko dute, seinalea ez errespetatzeagatik.