Udalak bertan behera utzi ditu jendaurreko ekitaldiak, gaurtik hasita

Eusko Jaurlaritzak emandako gomendioak aintzat hartuta, Orioko Udalak bertan behera utzi ditu jendaurreko ekitaldiak, koronabirusa dela eta sortutako egoeragatik.

Gaur iluntzerako aurreikusita zegoen aparkalekuei buruzko gogoeta-saioa, beraz, bertan behera geratzen da eta aurrerago egingo da, oraindik zehaztu ezin den datan. Era berean atzeratuko dira ostiraleko antzerki-emanaldia eta larunbat goizeko bisita gidatua. Udalaren kultur agenda osoa bertan behera geratzen da, hortaz, bestelako abisurik jaso arte.

Kultur etxea, kiroldegia eta Musika Eskola ere itxita

Horrez gain, jendeari zerbitzua ematen dioten udal-instalazioak ere itxi egingo ditu Udalak, gaur arratsaldetik hasita, prebentzio-neurri gisa: kultur etxea, kiroldegia, musika-eskola, ludoteka eta gaztelekua. Udalaren administrazioak martxan jarraituko du, baina langileek neurriak hartuko dituzte, kutsatzeak murrizteko.

Zaharren Babeslekua ere itxita

Eusko Jaurlaritzak hala aginduta, Orioko Zaharren Babeslekua ere itxita dago gaur goizetik bestelako abisurik jaso arte.

Ikastetxeetan ere, jarduera etenda

Eusko Jaurlaritzak, bestalde, jakinarazi berri du Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe guztien jarduera etengo duela ostiraletik aurrera, 15 egunez. Beraz, ez Zaragueta eskola publikoan, ez ikastola eta ez Haurreskolan ez da klaserik emango datozen 15 egunotan. Irakasleek lanean jarraituko dute, baina ikasleek etxean geratu beharko dute. Ikastetxe bakoitzak, dauzkan baliabideen arabera, ahalegina egin beharko du ikasleen lana antolatzeko, ahal den neurrian etxetik lan egin ahal izan dezaten.

Neurri horiek guztiak koronabirusaren zabalpena prebenitzea dute helburu.