Orioko herriak ez ditu betetzen baldintzak herritarren kalera ateratzeko ordu-tarteak bertan behera uzteko

Traducción automática al castellano

BOEn gaur bertan argitaratu den aginduan Gobernuak zehaztu du 10.000 biztanletik beherako herriek 100 biztanle/km2-tik beherako dentsitatea eduki behar dutela, herritarren kalera ateratzeko ordu-tarteak bertan behera utzi ahal izateko (Oriok 624 biztanle/km2-ko dentsitatea du, eta ez du, beraz, baldintza hori betetzen).

Espainiako Gobernuaren bozeramaileek joan den asteburuan esan zuten 10.000 biztanletik beherako herrietan bertan behera geratuko zirela kalera ateratzeko ordu-tarteak (Oriok 6.000 biztanle inguru du), baina ez zuten bigarren baldintza horren berri eman. Ondorioz, aste honetan, oriotarrak ordu-tarterik gorde gabe ibili dira kalean, nahiz eta agindu ofiziala ez den argitaratu gaur arte.

Gaurko aginduaren ondorioz, ordea, kalera ateratzeko ordu-tarteak indarrean daude oraindik Orion, aurrez zeuden bezalaxe, eta, beraz, errespetatu beharrekoak dira, bestelako agindurik jaso arte:

  • 06:00 - 10:00 Helduak, paseatzera edo kirol egitera.
  • 10:00 - 12:00 70 urtetik gorakoak eta mendekotasunen bat dutenak.
  • 12:00 - 19:00 14 urtetik beherakoak.
  • 19:00 - 20:00 70 urtetik gorakoak eta mendekotasunen bat dutenak.
  • 20:00 - 23:00 Helduak

Zaindu arauak hondartzan!

Egunotan jende ugari ibili da hondartza inguruan. Udalak herritarrei gogorarazi nahi die bi metroko segurtasun-distantzia errespetatu behar dela eta, hori ezinezkoa den kasuetan, nahitaezkoa dela maskara erabiltzea.

Bestalde, kontuan izan behar da hondartzako denboraldia ez dagoela oraindik zabalik eta, beraz, bertan ez dagoela sorospen-zerbitzurik. Gauden deskonfinamenduaren fase honetan galarazita dago bainuak hartzea eta herritarrei kontuz ibiltzea eta arduraz jokatzea eskatzen die Udalak.

Webgune honek cookie propioak eta besteenak erabiltzen ditu, nabigazio zerbitzuak hobetzeko asmoz. Nabigatzen jarraitzen baduzu, gure cookieen politika onartzen duzula ulertuko dugu.