Orioko bidegorri-sarea 2022ko udan prest izateko lanean ari da Udala

Herria eta hondartza lotuko dituen bidegorria uda aurretik egitea aurreikusi du Udalak. EARKI arkitekto-bulegoa arduratu da proiektuaren diseinuaz. Behin desjabetzeak gauzatu ondoren adjudikatuko da obra eta, dena ondo bidean, 2022ko uda aurretik bukatuko da. Lehentasunezko proiektua izango da datozen hiletan.

Orioko bidegorri-sarea osatzeko, Hondartzako bidearen zatia falta da, autopistako eta Bikamiotako biribilguneen artekoa. Trafiko handiko tartea da, hondartzara, Zaragueta Herri Eskolara, Abaromendira eta Antillara doazen herritarrek erabiltzen dutena nagusiki.

Desjabetza-proiektuarekin batera, bidegorria egiteko zenbait aukera aztertu ditu Udalak azken hiletan, bidearen erdian dagoen etxetxoa kontuan hartuta. Azkenean, jabeekin negoziatu ondoren, bidegorria zuzen egiteko akordioa lortu dute.

Beharrezko lurrak desjabetu eta obrak adjudikatuko dituzte datozen hiletan. Lanak azkar joango dira, lehentasunezko proiektua baita Udalaren egutegian. Bidegorria egitearekin batera, hondartzako bidea asfaltatuko du Udalak, ezker-eskuineko espaloiak berrituko ditu eta argiteria publikoa indartuko du.