Herriko irisgarritasuna aztertzeko hirugarren saio irekia egingo da ekainaren 9an

Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioarekin elkarlanean, Orioren irisgarritasun-plan berria lantzen ari da Udala. Herritarren ekarpenak jasotzeko, bilera irekiak egiten ari da azken hiletan, eta ekainaren 9an, ostegunarekin, egingo du hirugarrena, udaletxean.

Orioko Udalak hogei urte baino gehiago daramatza irisgarritasunari lotutako funtsezko aldaketak proposatzen. 2001ean, 2011n eta 2018an irisgarritasun-plan bana egin zen, eta plan haietan proposatutako egokitzapenek erabat aldatu dute udalerriaren diseinua. Ondorioz, herriaren irisgarritasuna nabarmen hobetu da.

Martxoan hainbat erakunde, elkarte, klub eta gizarte-erakunderekin bildu zen Udala. Ondoren, apirilean egin zuten lehen lan-saioa, eta maiatzean bigarrena. Giza aniztasuna kontuan hartuta, herriaren diseinu inklusiboa garatzea izango du helburu irisgarritasun-plan berriak, desgaitasun fisikoa, bisuala, entzumenekoa eta kognitiboa duten pertsonek oztoporik gabeko espazioez gozatzeko aukera izan dezaten.

Hirugarren bilera

Oriotarren ideiak eta proposamenak jasotzeko eta espazioen irisgarritasun unibertsala bermatzeko, hirugarren eta azken bilera irekia deitu du Udalak ekainaren 9an, ostegunarekin. 19:00etan izango da hitzordua, udaletxeko udalbatzarraren aretoan (2. solairuan, igogailuarekin).

Gipuzkoako Kirol Egokituko Federaziotik Iñigo Iturbe eta Alicia Figueroa izango dira bertan, gidari-lanetan. Asistentzia konfirmatzeko edo zalantzak argitzeko, bidali whatsappa 635 75 13 39 telefonora.