Anari, Jon Plazaola, Ruper Odorika, Gure Zirkua… Hemen da udako programa! 

Orioko Udalak gaur, uztailaren 3an, banatuko du etxez etxe udako jarduerak jasotzen dituen eskuorria. Herriko eragileekin elkarlanean, askotariko proposamenak bildu dira egitarauean, adin eta interes guztietako herritarrei zuzenduta.

Udako egitaraua igande honetan bertan hasiko da, Hondartzako berdegunean egun osoan egingo den Mola Market azokarekin, eta datozen asteetan, kirola izango da protagonista nagusietako bat, uztailaren 11n XIV. Orio Kanpina Bandera jokatuko baita errioan, KAE Ligako estropada; eta hurrengo egunean, uztailaren 12an, TKE Ligako estropada, itsasoan.

Arrantzarekin lotutako bi hitzordu ere izango dira uztailean: Ibai Paredes Memoriala urpeko arrantza-txapelketa, hilaren 19an, eta  arrain-txikien arrantza-txapelketa, 25ean. Kirol jarduerekin amaitzeko, Begi Bistan elkarteak urtero antolatzen duen Behoria Garbia ekimena egingo da irailaren 26an errioan eta Herriko Plazan.

Haurrentzako proposamenak

Haurrei zuzendutako hainbat jarduera ere jasotzen ditu programak, tartean, Lurrak eztanda egin zuen eguna (Looney Tunes) filmaren emanaldia hondartzako berdegunean, uztailaren 21ean, eta abuztuaren 13an Andoni Bastarrikak gidatutako tailerra, hondarrezko eskulturak egiteko.

Urtero bezala, Gure Zirkuak Orion igaroko du abuztua; karpa Muntoko berdegunean jarriko dute, eta abuztuaren 1etik 22ra eskainiko dituzte emanaldiak. Egonaldiaren barruan, abuztuaren 20an, Azerik eta erbik basoa salbatzen dute haurrentzako filma emango dute, doan.

Musika

Musikak ere presentzia zabala izango du udako programan: uztailaren 17an Ithaka, Anari eta Ke Lepo arituko dira hondartzako berdegunean, eta uztailaren 24an Nazioarteko Flysch Organo Jaialdiaren saioa egingo da elizan, Antonio Canovas saxo-jotzailearen eta Ruben Diez organo-jotzailearen eskutik.

Abuztuaren 23an, bestetik, Donostiako Musika Hamabostaldiaren barruan, Miriam Hontana eta Sonia Benavent biolin-jotzaileek kontzertua emango dute elizan, eta irailaren 4an, Hereje Fighters taldea izango da hondartza inguruan, Orioko Surf Taldearen ekimenez. ç

Hilaren 11n, berriz, Ruper Ordorikaren kontzertuaz gozatzeko aukera izango da, 22:00etatik aurrera (lekua datozen asteetan zehaztuko du Udalak).

Aurkezpenak eta ekitaldi bereziak

Aurten, gainera, hainbat jarduera berezi ere aurreikusi dira. Uztailaren 18an, Errikotxiak antolatuta, Orioko Taldekako Bertsolari Txapelketa jokatuko da herriko hainbat gunetan. Abuztuaren 6an, ostera, Jon Plazaolak bakarrizketa eskainiko du Gure Zirkuaren karpan, eta hilaren 26an eta 27an, Europako hizkuntza gutxituen aldeko Euskal Cymru ibilaldiak geldialdia egingo du Orion, Herriko Plazan. Hilabetea ixteko, abuztuaren 29an, Bikamiota auzoko jaiak ospatuko dira.

Irailean, bestetik, TerritOrio remero. Orioko arraunaren historia liburua aurkeztuko du Iñaki Iturainek, hilaren 15ean kultur etxean; hilaren 19an, aldiz, Zaintzaren herri-akordioa aurkeztuko da, eta 25ean Los últimos pastores filma emango dute kultur etxean, doan. Emanaldiaren ondoren, Samu Fuentes zuzendariarekin eta Maialen Sarasua Oliden muntatzailearekin solasaldia egingo da.

Udako programako hitzordu guztiak udalaren Agenda atalean kontsulta daitezke.