Asteburuan jokatuko dira Orio Kanpina banderak

Uztailaren 12an, igandearekin, Orion jokatuko dira Eusko Label Ligako eta Euskotren Ligako 5. jardunaldiak, Orio Kanpina 14. banderak. Eta uztailaren 11n, larunbatarekin, KAE1 mailako proba puntuagarria jokatuko da, Orio Kanpina 8. bandera. 

Kirol-probak aurkezteko agerraldia egin dute gaur Anuska Esnal Orioko alkateak, Lourdes Salsamendi Udaleko zinegotziak eta Andoni Campos, Xabier Altuna eta Itziar Olasagasti Orio Arraunketa elkarteko ordezkariek.

Igandeko probak

Uztailaren 12an, igandearekin, Orio Kanpina 14. banderak jokatuko dira, itsasoan. Estropada-eremua iazko bera izango da: Orioko kanpoko espigoiaren aurretik abiatu eta Mollarri aldera. Euskotren Ligako emakumezkoen proba 11:25 aldera abiatuko da, eta zortzi traineruk hartuko dute parte: Orio Orialki, Donostia Arraun Lagunak, Nortindal Donostiarra, Tolosaldea Arraun Kluba, Hibaika jamones Ancin, Zumaia Delteco, SD Remo Astillero Éneryt Servicios eta San Juan CMO Valves. 1,5 itsas-milia egin beharko dituzte, hau da, 2.778 metro, bi luzetan banatuta eta ziaboga bakarrarekin.

Haien ostean, 12:20 aldera, jokatuko da Eusko Label Ligako gizonezkoen proba, Orio Kanpina 14. bandera. Hiru itsas-milia edo 5.556 metroko distantzia egin beharko dute, lau luzetan banatuta eta hiru ziabogarekin. Hiru txandatan ariko dira hamabi traineruak: Bermeo Urdaibai, Zierbena Bahias de Bizkaia, Orsa Hondarribia, Orio Orialki, Naiz Homes Donostia, Getaria, Ondarroa Kide, Itsasoko Ama – Viuda de Sainz, Lekittarra Elecnor, Club de Remo Chapela – WOFCO, San Juan CMO Valves eta Klub de Remo de Ares.

Urtero bezala, aisialdi-gunea Herriko Plazan jarriko dute. Eusko Labeleko produktuak jateko eta edateko aukera izango da bertan eta, horrez gain, pantaila erraldoia jarriko da, estropada bertan ikusi ahal izateko. Kanpoko espigoian, bestalde, harmailak jarriko dira, eta gonbidapena beharko da hara sartzeko.

Larunbatean, KAE1 mailako proba

Larunbatean, aldiz, KAE1 mailako Orio Kanpina 8. bandera jokatuko da 17:00etatik aurrera, itsasoan.  Hiru itsas-milia edo 5.556 metroko distantzia egin beharko dute, igandeko estropadan bezala, lau luzetan banatuta eta hiru ziabogarekin. 

Guztira hamabi ontzik hartuko dute parte, hiru txandatan banatuta: Orio Orialki, Arkote Occident, Hibaika Susperregi Edukiontziak eta Lapurdi Antton Bilbao; S.D. Remo Astillero, Orsa Hondarribia, San Pedro Harri eta S.D.R. Pedreña; eta Kaiku VGP, Sukia Zumaia, Zarautz Gesalaga Okelan eta Deusto-Bilbao.